Koronabirusa Azpeitian

"Ez dago langileek egin duten lana ordain dezakeen dirurik"

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 28a, 09:47
Manolo Aizbitarte. (Mailo Oiarzabal)

Beldurra, estutasuna, kezka, ziurgabetasuna... eta halako batean, erabatekoa izan ez arren, lasaitasuna ere bai. COVID-19ak goitik behera aldatu du Azpeitiko adinekoen egoitza bakarraren egunerokoa. Birusa ez da sartu egoitzan. "Baina honek aurrera segitzen du", ohartarazi du Manolo Aizbitartek (Azpeitia, 1963). Ekainaren 12an egindako elkarrizketa da honako hau, 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratua.

Noiz eta nola iritsi zinen San Martin egoitzako zuzendaritzara?

2001ean hasi nintzen San Martinen lanean. Patronatuko kideek lanpostua eskaini zidaten; administrari lanetan hasi nintzen, eta 2003an iritsi nintzen zuzendaritzara. Igeltsero batzuekin egiten nuen lan aurretik, haien kontuak-eta eramaten.

Aldaketa handia izango zen hura zuretzat, ezta?

Bai, dudarik gabe. Etekinak ateratzea helburu ez zuen lan bat probatzea nahi nuen, ahalik eta arreta edo zerbitzu onena ematea helburu izango zuen lan bat, emaitza erabiltzaileen asebetetzearekin neurtzeko moduko lan bat. Probatu nuen, eta ikusi nuen exijentzia horretan askoz hobeto moldatzen nintzela.

Zeintzuk dira adinekoen egoitza bateko zuzendariaren eginkizunak?

Alor bat baino gehiago dituen lana da. Irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua gara gu. Patronatu batek gidatzen du fundazioa, eta patronatu horren burua herriko alkatea da. Administrazioari dagokionez, helburu nagusia da gastuak Foru Aldunditik jasotzen den diru sarrera finkoaren azpitik mantentzea; kudeaketa ekonomiko egokia egitea, betiere, egoitza bideragarria izan dadin. Langileen antolaketa ere zuzendariari dagokio, eta egoiliarren mesederako izango den antolaketa bideratzea da beti azken helburua. Horretarako, noski, lantalde bat behar da. Finean, nire eginkizuna koordinatzaile batena dela esan daiteke, bai administrazioari, bai lantaldeari dagokionez. Azkenean, denetarik pixka bat egiten bukatzen duzu, baina arlo denetako kontrola eta kudeaketa eramatea dagokit.

Zenbat egoiliar bizi dira uneotan San Martinen?

Momentu honetan 80 egoiliar daude, baina 86 plaza dauzkagu hitzartuta. Gertatzen dena da izan diren bajak ez direla bete, koronabirusaren egoerari lotutako arrazoiengatik; alde batetik, kasu susmagarrientzako gune bat prestatuta uztea nahi izan dugulako, eta bestetik, inor berririk ez delako etorri. Nabarmendu nahi nuke, hori bai, aipatutako plaza horietatik hamasei unitate psikogeriatrikoari dagozkiola, dementziak dituzten egoiliarrak daude hor; eraikinak lau solairu ditu, eta laugarrenean dago unitate psikogeriatrikoa. Egoitzaren barruan beste egoitza txiki bat balitz bezala da kasik; berariazko talde bat aritzen da bertan lanean. Egungoa ez da ohiko egoera. Normalean plaza denak beteta izaten ditugu, eta horietakoren bat libre gelditzen denerako itxaron zerrenda dugu. Azpeitian beharra dago, eta egoitza bera nola handitu urteetan esku artean daukagun gaietako bat da.

Eta zenbat langile?

Langileei dagokienez, kopuru finkorik ez daukagu, baina batez beste eta une honetan, 90 lagun ari dira lanean. Koronabirusa dela-eta postu batzuk indartu egin dira. Normalean 80 bat langileren bueltan ibili ohi gara, baina koronabirusarekin, orain 90 langile ditugu egoitzan. Jendeak egoiliar kopurua eta langileena lotu egiten ditu, baina ez doaz lotuta: garbitzaileak, administrariak, psikologoak daude... eta zaintzako langileak ere bai.

Martxotik honakoa izan al da egoitzan zaudenetik aurre egitea egokitu zaizun erronkarik handiena?

Bai, horrela izan da, aldearekin. Hainbeste urtetan, une zail asko bizi izan ditugu, baina hau hain ezustean etorri zaigu, hain bat-batean eta espero ez genuela... denok harrapatu gintuen jokoz kanpo. Beste lan batean hastea bezalaxe izan da; gauza oso ezberdinak egin behar izan ditugu, protokolo oso ezberdinak ezarri. Alde batetik, osasun arazo bat zen; obsesio bat zen birusa egoitzan ez sartzea. Helburu hori lortzeko, baina, lehen aipatu ditudan lantalde guztiak, egoeraren eraginez gainak hartuta zebiltzanak, berrantolatu eta kudeatu behar izan ditugu jendea ez erretzeko, jendeak pott ez egiteko. Sekula esperoko ez genuen egoera bati egin behar izan diogu aurre, eta noski, lanean inoiz bizi izan dudan egoerarik gogorrena izan da: egoiliarrak eta langileak gaixotzeko beldurra, batetik; eta bestetik, egoera horretan egoteak batzuentzat zein besteentzat emozionalki zer eragin duen.

Noiz hasi zineten koronabirusari aurre egiteko prestatzen? Nola gogoratzen dituzu lehen egun haiek?

Koronabirusa iristera zihoala entzuten hasi ginenean, denok hasi ginen kontuz ibiltzen eta iristen zitzaizkigun irizpideak zein neurriak betetzen. Martxoaren 7an hasi ginen bisitak murrizten, eta hori ja pauso garrantzitsua izan zen; horrekin batera, tenperatura hartzea, distantziak mantentzea eta batzuen eta besteen arteko kontaktuak zaintzea ziren neurri nagusiak, bateren bat gaixotzen bazen kutsatzea nondik nora gertatu izan zitekeen jakiteko. Martxoaren 14an, berriz, egoitza ixtea erabaki zen. Aldunditik aginduak jaso aurretik joan ginen neurriak eta erabakiak hartzen. Beldur ginen, eta ziurgabetasuna handia zen.

Neurri gogorrak hartu behar izan dituzue, adinekoak beren gelatan bakartzea bezalakoak. Egoiliarrei nola azaldu zenizkieten neurri horiek? Nola hartu zituzten?

Egoiliarrak beren logeletan konfinatzea izan zen mugarri gogorrena. Egoitza itxi eta astebetera hartu genuen erabaki hori. Kate baten azken katebegia izan zen. Geure artean asko eztabaidatu genuen egoiliarrei neurri horren berri emateko moduaz. Esan genienean, beraiek ez ziren jabetzen neurriaren benetako tamainaz. Pentsatzen zuten oso denbora gutxirako gauza izango zela, egun batzuetarako kontua, eta geuk ere ez genekien zenbat luzatu ahalko zen. Gero, egunak luzatzen joan ziren. Geletatik irten gabe egon beharko zirela esan genienean, penaz eta atsekabez hartu zuten albistea, baina beharrezkoa zela ere ulertu zuten. Gerora, berriz, egoera hori noiz arte luzatu behar zen bihurtu zen egoiliar gehienen kezka, bizimodu normala noiz berreskuratuko zuten. Hor iritsi zen beste mezu bat zabaltzen hasteko garaia: bizimodu normal-normal batera ez ginela beste puska batean itzuliko. Azaldu genien lehen pausoa geletatik irtetea izango zela, ondorengoa familiartekoen bisitak jasotzen hastea, eta gero egoitzatik irteten hastea. Azken pauso horri ezin genion datarik jarri ere egin. Deseskalatzea hasi artekoa, egoiliarrak geletatik irten gabe hainbeste egunez edukitzea, oso gogorra izan da. Baina haien jarrera azpimarratu nahi dut, txapela kentzeko modukoa izan baita. Bizitzan pilatu duten esperientziagatik edota, beraiek esaten duten moduan, larre motzean ohitutako pertsonak direlako, baina egoera ulertu eta primeran erantzun dute egoiliarrek. Lanak izango genituela uste genuen, baina alderantziz izan da, alde horretatik; ohikoan traturako zailagoak diren pertsonek ere oso ondo erantzun
dute. Ez dut esango txintxo portatu direla, ez dira-eta umeak, pertsona helduak dira. Oso gaizki pasatu dute, horrela aitortu dute, baina gurekiko oso ondo portatu dira.

Eta familiak?

Familiena konplikatuagoa izan da. Batzuek, gehienek, ulertzen dute egoera zein den eta egin behar zena egin dugula. Beste batzuei, ordea, iruditzen zaie gehiegizkoa dela, esaten dute zeinek duen beren ama, aita edo anaia ezin dutela ikusi erabakitzeko eskubidea, eta horiek gaizki hartu dituzte ezarritako neurriak; eta arrazoi puntu bat badutela pentsatzen dut askotan, oso egoera gogorra da-eta bizitzea tokatu zaiena. Bestetik, bideo deiak egiten hasi ginenean, familiak egoiliarrak baino gehiago sufritzen ari ziren sentsazioa genuen. Egoiliarrak ez ziren ari ondo pasatzen, baina senitartekoak okerrago sumatzen genituen. Etxeko bat egoitza batean utzi behar, eta gainera ezin baduzu ikusi... Guk hemen egunero ikusten genuen elkar, baina haiek ez zekiten egoitzan zer ari zen pasatzen, nola geunden eta beren senitartekoak benetan nola zeuden. Alde horretatik, bideo deiek batzuei zein besteei egiten zieten mesede, baina familietakoentzat are mesedegarriagoak izaten ziren; lasaitua ziren deiak familientzat, beren senideak ondo zeudela ikus zezaketelako.

Nolakoa izan da egunerokoa konfinamendu estuenaren asteetan?

Txipa aldatu behar izan genuen. Egoiliarrak beren geletan zeuden, jatorduak ere han egin behar zituzten, eta langileek lan egiteko modua aldatu behar izan zuten; taldeko ekintza edo lanik ezean, arreta pertsonalagoa eskatzen zuen egoerak. Horrela, esaterako, psikologoek eta terapeutek egoiliarrei jaten laguntzen zieten; eta bide batez, beraiekin egoten ziren. Asko indartu genuen arreta indibidualizatua, hartu-eman pertsonalak areagotzea, gelatik irten ezinda zeuden egoiliarrak bakarrik ez sentitzeko, edo senti zezaketen bakardadea arintzeko, behinik behin. Horretan egin dugu ahalegin guztia: denok saiatu gara geletara ahalik eta bisita gehien egiten. Baina muga bat genuen, ezin zutelako langile denek denekin egon. Segurtasun protokoloa betetzeko, kontaktuak zaindu behar genituen; solairu bakoitzean beti lantalde bera aritu behar zen. Baina helburua izan da egoiliarrekin denbora gehiago egotea, aurrez aurre, telefonoz edo bideo deiak erabiliz; eta okerren pasatzen ari zirela ikusten genuenekin ahalegin horiek areagotzen saiatu gara. Aurrera begira, egoera honek egoiliarrak artatzeko metodoan aldaketak ekarriko dituela uste dut, egoitza guztietan.

Birusa ez da desagertu, baina zorionez, Azpeitiko egoitzan ez da COVID-19 kasurik izan orain arte.

Beti esaten genuen: lan hauek denak hartu, tratu hauek denak pasatu, eta... Hasieran, beldurra zen nagusi. Gero, probak iritsi ziren. Bakarren batek katarro pixka bat bazeukan, edo sukarra, probak egiten zizkioten, eta proba bakoitzeko egundokoa zen tentsioa: ba ote dauka, ez ote dauka... puf. Gero, denei probak egin zizkietenean eta garbi zeudela jakitean, lasaitasuna sentitu genuen. Baina, noski, honek aurrera segitzen du, egoiliarrek gaixotzen eta probak egiten segitzen dute. Tentsio horrekin bizitzen ikasi behar duzu. Alde batetik, poz ematen du birusa egoitzan ez dela sartu jakiteak, baina jabetzen gara ez dela egindako lanaren emaitza bakarrik izan, herrian eta inguruan ere kasu gutxi tokatu baitira. Baina ez genuen imajinatu ere egin nahi zer izango zen, lan hauek denak hartu eta gero, egoitzan kasuren bat egotea, zorte txar hori izatea; ezta horrek nolako ondorioak ekar zitzakeen ere.

Hasieratik egin zizkieten COVID-19a atzemateko probak gaixo edo ondoezik zeuden egoiliarrei?

Bai, baina askoz makalagoa zen guztia. Gaixotu eta bi edo hiru egun pasatzen ziren proba egin aurretik; gaixoa isolatu egiten zen, eta proba egin aurretik, sintomen eboluzioaren jarraipena egiten zitzaion hari. Orain, berehala egiten zaizkie PCR probak. Baina hasieran, prozesua luzea zen. Egoiliar bat gaixotzen zenetik proba egin bitartean eta ondoren emaitzak iritsi arte, egun batzuk pasatzen ziren, eta egun horiek tentsio handikoak izaten ziren. Orain ez, orain proba egin eta hurrengo egunean jakiten dugu emaitza, egunean bertan ere bai zenbaitetan.

Zer pentsatzen zenuen gaitzak gogor jo dituen egoitzetako berriak iristen zitzaizkizunean?

Besteen lekuan jartzen ginen eta zera esaten genuen: zer gogorra, lan hauek denak hartu, eta gainera, horrelako sufrimendua jasan beharra. Bidegabea iruditzen zitzaigun, guztiz. Geu zoriontzen gintuztenean, "zer ondo, e, ez daukazuela birusik" esanda, pentsatzen genuen baietz, ondo, lana ondo egiten ari ginela, baina beste faktore batzuk ere bazeudela tartean. Beste toki batzuetan ez dute guk izan dugun zorte hori izan; Zarautzen kasu asko egon dira, Eibarren ere bai, eta egoitzetan ere eragin du gaitzak. Albistegietan egunero azaldu beharra, "gaur hamar positibo gehiago ez dakit nongo egoitzan", "hamabost positibo gehiago eta ez dakit zenbat hildako"... Mezu hori etengabe zabaltzea oso negatiboa iruditzen zitzaigun, beste aldea ere, gaixorik ez zuten egoitzena, hor zegoelako. Ematen zuen egoitzetan gauzak ez dakit nola ari ginela egiten. Ez genuen nahi egoera txarra ez zela azaltzea, errealitatea hor zegoelako, baina gauzak transmititzeko moduarekin ez geunden ados. Batik bat, ematen zuen gaixoak eta hildakoak zituzten egoitza horiek laidotzen ari zirela, esanez bezala "horiek zer gaizki eta gu zer ondo". Gauzak guk bezain ondo egin dituzten uste osoa daukagu, baina zorte txarra izan dutelakoan gaude. Gerora hasi ziren mezuak aldatzen, egoitza askotan kasurik ez zela ari egoten zabaltzen, albiste positiboak ematen; baina izan zen bolada bat, dena kontu beltzekin… Akordatzen naiz, kalean jendeak galdetzen zidala "zer, Manolo, zuek ondo, ezta?"; eta "bai, ondo, ondo", erantzuten nuen. Baina bien bitartean, agian bizpahiru egoiliar genituen koronabirusa atzemateko proba eginda eta emaitzen zain geunden; eta pentsatzen nuen neure baitan, zoriontzen ari zaidan honek guztiz bestelakoa pentsatuko luke deskuidoan positiboren bat izango bagenu, "zerbait gaizki egin ditek orain ere". A zer egoera, izan ere. Poz handia da guretzat gaitza egoitzan sartu ez izana, egoiliar beraientzat kideren bat gaixotu zela jakitea zer sufrimendu izango litzatekeen pentsatuta, batez ere; eta geuk ere nola sufrituko genukeen jakinda ere bai.

Adinekoen egoitzak gaitzaren foko handiak izan dira toki askotan. Zergatik?

Buelta asko eman dizkiogu kontu horri. Azpeitia eta Urola Erdiko herriak, onerako eta txarrerako, ez daude oso ondo komunikatuta. Kostako herrietan baino kanpoko jende eta bisitari gutxiago ibiltzen da hemen, adibidez. Zumaian edo Zarautzen mugimendu gehiago dute alde horretatik, eta pentsatzen dugu horrek eragin ahal izan duela gaitzaren hedapenean ere. Kasu honetan, nolabait isolatuta egote hori onerako izan dela uste dugu. Uste dugu hori izan daitekeela hemen koronabirusa gutxiago zabaldu izanaren faktoreetako bat. Izan ere, zenbat eta jende mugimendu handiagoak izan, arrisku gehiago dago.

Koronabirusaren krisiak adinekoen egungo zaintza eredua, egoitzena, kolokan jarri duela esango al zenuke?

Bai. Ikusi da birus batengatik zer egoera sortu den. Egoitzena beti izan da baliabide gutxiko mundu bat, feminizitatutako lana, eta egoera honetan are gehiago azaleratu dira dauzkagun gabeziak. Honek balio badu herritarrak eta erakundeak kontzientziatzeko, egoitzak hobeto prestatu eta indartu behar direla jabetzeko, langile gehiago eta azpiegitura hobeak behar direla ikusteko, gaitzerdi; baina harritzen nau horrela izatea. Ez naiz oso baikorra alde horretatik; hau pasatzen denean atzean geldituko da, eta kito. Adinekoen egoitzak bizitzaren azken fasearekin lotzen ditugu. Umeak inbertsioa dira; zaharrak zaintzea, berriz, gastua. Tristea da, baina halaxe da. Ez badugu ulertzen errespetua zor diegula pertsona hauei, bizitzaren azken fase horretan ahalik eta bizimodurik duinena eman behar zaiela, alfer-alferrik da.

Zahartzaroa gizartean ikusi nahi ez den zerbait dela iruditzen al zaizu? Zaharrak baztertu egiten ditugula?

Bai. Pentsatzen dugu geu ez garela egoera horretara ailegatuko, baina guri ere etorriko zaigu, adin horretara iristen bagara behintzat. Argi izan behar genuke pertsona horiek ahalik eta arreta onena jasotzea merezi dutela. Dirua kostatzen dela? Noski baietz, baina jarri beharko lirateke beharrezko baliabideak. Hezitako eta prestatutako langileak behar dira, instalazio egokiak, eta erakundeak mentalizatzea, sor daitezkeen eta sortuko diren beharrei garaiz eta egoki aurre egin ahal izateko. Zortez, inplikazioari esker ari gara neurri handi batean aurrera egiten; ezagutzen ditudan beste egoitzetan horrela da, eta hemen ere bai. Langileen konpromisoagatik ari dira gauza asko konpontzen. Baina zenbat denbora iraungo dugu horrela? Ni hemen ari naiz jartzen nire onena, nire ahalegin guztia, nire denbora, baina inork ez badu aitortzen nire lana, inork ez badu jartzen bere aldetik beste zerbait... Uste dut denborak aurrera egin ahala ezingo zaiola indar horri eutsi.

Nola baloratzen duzu langileek hilabete hauetan egindako lana?

Ez dago langileek egin duten lana ordain dezakeen dirurik. Badakit beraiek badakitela zuzendaritzak, patronatuak eta udalak benetan eskertzen dutela egiten ari direna, baina hala ere, gustatuko litzaidake berriro azpimarratzea eta beraiei halaxe dela helaraztea. Beti jakin izan dugu langileak inplikatuta daudela, baina kasu honetan are ageriago gelditu da inplikazio hori. Traba bat ere ez dute jarri ordu gehiago sartzeko, lan gehiago egiteko, estutasun uneetan aurrera egiteko; eta beti, gainera, jarrera positiboarekin, egoiliarrek ez zezaten sentitu gu ere nekatuta edo larrituta geundela. Eskertu egin behar zaie hori guztia, baina erakutsi dituzten jarrera eta ilusio horiek mantentzeko bideak bilatu ere egin behar
dira.

Hain justu, hitzarmen berria eskatzeko mobilizazioetan zebilen Gipuzkoako egoitzetako hainbat langile pandemia iritsi aurretik, baita Azpeitian ere. Krisi honek beren eskaerak arrazoiz bete dituela esan dute. Zer uste duzu zuk?

Gai korapilatsua da hau niretzat. Dudan postuarekin eta non nagoen ikusita, sindikatuekin eztabaidak izaten ditut; langileen eskaerekin guztiz ados nago, baina gauzak egiteko modu batzuekin ez nator bat. Ni ez naiz enpresari sentitzen, egoitza hau ez da etekinak bilatzen dituen enpresa bat, denok ondo egotea da hemen helburua. Erabat bat nator egoera asko hobetu behar dela eta langileen eskaerak guztiz bidezkoak direla esaterakoan. Ez dudana nahi da gu arazoaren parte izatea. Gu ez gara arazoa, San Martin egoitza ez da arazoa langileentzako, arazoa beste batzuk dira; eta batzuetan arazoa edo arazoaren parte gu bagina bezala tratatzen gaituzte. Konponbidea ez dago nire eskuetan. Pertsonalki, batzuetan enpresa pribatu handi bateko gerentea banintz bezala tratatzen nautela sentitzen dut, eta ez da horrela. Denontzako ahal den onena nahi dut, eta prest nago gauzak hobetzen laguntzeko, baina ezin dizkigute gure eskuetan ez dauden kontuak exijitu.

Egoitzetako langileen gatazkak ez al du irtenbide errazik?

Finean, diru publikoaz ari gara. Sektore guztiek nahi dute gehiago eta guztiek dauzkate gehiago eskatzeko arrazoiak. Hori esanda, uste dut arreta eskaintzea merezi duen sektorerik bada, hau dela. Lehentasunetako bat izan beharko luke, beste sektoreekin alderatuta askoz okerrago dago eta.

Zer alde on ikusten dizkiozu egoitzen gaur egungo ereduari eta zer hobetu beharko litzateke, zure ustez?

Ni lanean hasi nintzenean, egoitzaren funtzionamendua oso zurruna zen, oso instituzionalizatuta zegoen dena: egoiliar guztiek batera jan behar zuten, denek batera joan behar zuten geletara... Pixkanaka eboluzionatzen joan da egoitzako egunerokoa, eta zorionez, arreta pertsonalizatuagoa da gaur egun. Instituzio baten barruan jarraitzen dute egoiliarrek, eta ordutegi batzuk errespetatzea eskatzen du horrek. Ez da etxean egotea bezala, sekula ez da izango, baina bakoitzari bere beharren araberako arreta ematen zaio, ahal den neurrian. Helburua da arreta pertsonalizatu hori hobetzea, horretan sakontzea, gero eta pertsonalizatuagoa izatea. Horretarako, garrantzitsua da ahalik eta detaile gehienak kontuan hartzea, pertsona bakoitzaren ohiturak, zaletasunak edota joerak; langileek horiek ezagutzea, eta tratu pertsonalean kontuan hartzea. Egoiliar bakoitzari arreta pertsonalizatu hori emateak langileak mentalizatzea eta prestatzea eskatzen du, batetik, eta hori egingarria dela iruditzen zait. Bestetik, ordea, denbora eta bitartekoak eskatzen ditu eredu horretan sakontzeak, eta horrek betiko tokira garamatza. Gure aldetik ahal dugun dena jarriko dugu, baina muga bat izango du beti gure ahaleginak. Egoitza batera etortzea pauso oso gogorra da, etxean bezala sekula ez da egongo egoiliarra. Ez da gauza bera familiarekin egotea edo gurekin egotea, sekula ez gara izango familia bezala, ezta gutxiago ere; baina horretara arrimatzea izan da behar da helburua.

"Miserikordiara eraman dute" hura hor al dago oraindik?

Bai, hori hor dago, garai batetik hona asko murriztu eta ia desagertu den arren. Niretzat zama handia izan da hori; eta obsesio bat ia, egoitza herrira irekitzea, estigma hori kentzea. Uste dut momentu honetan beldur gehiago dagoela kanpotik barrura, barrutik kanpora baino. Egia da hor egon dela traba bat, eta horrek buruko min handiak eman dizkit, baina uste dut ari garela gainditzen.

Konfinamendua arintzeko bidea bereziki tentuz egiten ari zarete egoitzetan. Nola ari zarete bizitzen prozesua?

Gurean deseskalatzearen lehen pausoa izan zen egoiliarrak beren geletatik ateratzea eta pixkanaka behera jaisten hastea; maiatzeko azkenaurreko astean izan zen hori. Maiatzeko azken astean hasi ziren egoiliarrak lorategira irteten, eta ekaineko bigarren astean hasi ginen bisitak hartzen. Alde batetik, konfinamendua arintzeak egundoko poza ematen dizu, egoiliarren estutasuna arintzea dakarrelako. Bestetik, ordea, beste estutasun baten hasiera dakar, kanpotik etor daitekeen horren beldurrak eragiten duen estutasuna, ikusten duzulako kanpoan hemen barruan ez bezalako mentalitatea dagoela gaixotasunarekiko. Beharrezkoa da itxialdia arintzeko pausoak ematea, baina oso zorrotzak izango gara arauekin.

Txertorik ezean luze jo dezakeen normaltasun berria dator, COVID-19a saihesteko bere neurriekin. Nola irudikatzen dituzu datozen hilabeteak zuen egoitzan?

Uste dut egoitzetan deseskalatzea oso makala izango dela; ez dakit noiz iritsiko den egoitzan bisitak normal hartzen hasiko garen unea, ezta egoiliarrak egoitzatik irteten hasiko diren eguna ere. Iritsiko da une bat, zeinatan bateren batek esango duen zer den mesedegarriagoa, osasun fisikoaren alde ala osasun emozionalaren alde egitea. Non dago hor oreka? Martxoaren 7tik ez dira kalera irten egoiliarrak, eta denbora luzatzen ari da. Kalean prebentzio neurriak ondo betetzen direla jakingo bagenu errazago irtengo ginateke, baina gauzak nola dauden ikusita, errespetu gehiago ematen dizu ir teteak. Adineko jendea da kalean ere beldur handiena duena, maskarak jantzita gehien ibiltzen direnak horiek dira, ikusi besterik ez dago. Beste kezka bat ere badugu, eta kezka hori da ez ote dugun deseskalatzea hurrengo eskalatzearekin kateatuko. Denbora arin pasatzen da, iritsiko da iraila, iritsiko da urria, eta ordurako egoiliarrak ez badira pasierara irten, hortik aurrera ez dira irtengo. Puska batean aurre egin beharko diogu egoera honi, eta horrekin lan egiten ikasi behar dugu. Ezin gara erlaxatu. Momentu honetan geu, langileok, gara arrisku faktore handiena egoiliarrentzat, familiak tartean behin etortzen direlako, baina gu egunero gatoz kanpotik lanera.

Ardura horrek egoitzatik kanpo ere kontu gehiagorekin jokatzera bultzatzen al zaituzte?

Bai, eta pentsatu nahi dut langile guztioi ari zaigula gertatzen gauza bera. Kontziente gara gu garela egoiliarrentzat arrisku handiena; eta jabetzen gara, era berean, zer suposatuko lukeen bakoitzaren kontzientziarentzat egoitzara gaitza ekarri izanaren eta egoiliarrak kaltetzearen errua izateak. Txip hori barruan sartuta bizi gara, baina kalera irteten zarenean gertatzen da jendea gainera etortzen zaizula... Ez da erraza, egoitzakoa eta kanpokoa bi mundu balira bezala da, egoera erabat surrealista da. Hemen denak gabiltza maskara jantzita, eskuak etengabe garbitzen, tenperatura hartuta; kalera irteten zara, eta boom, normaltasuna kasik. Eta hemen barruan jendea kalera irten ezinik, familiak ikusi ezinik, astean behin senitarteko bakarra ikusten, gainerakoak bideoz ikusten. Galdutako irla baten moduko zerbait gara. Eskerrak, behinik behin, herrian gauden eta egoiliarrek kaleko bizitza eta jendea ikus ditzaketen; lorategira edo balkoietara irten eta jendea agurtu ahal izatea egundoko mesedea izan zen beraientzat.

Eta koronabirusaren ondorengo etorkizunean, zeintzuk izango dira San Martin egoitzaren erronka nagusiak?

Guretzat erronka handiena eta kezka bakarra da herriari eta behar dutenei zerbitzu ahalik eta egokiena ematea. Horretarako zer-nolako instalazioak beharko diren edo horrekin lotuta egon daitezkeen proiektuak politikoek erabaki behar dituzte. Gu aholkuak emateko prest gaude, batik bat, datorrenaren edota etor daitekeenaren gainean, zer zerbitzu beharko diren aurreikusita. Adibidez, dementziek gora egiten jarraituko dutela aurreikusten da; guk badugu dagoeneko unitate psikogeriatrikoa, baina indartu egin beharko da. Gune espezialitatu gehiago beharko dira, egoiliar batzuek eta besteek izan ditzaketen behar ezberdinei hobeto erantzuteko. Behar berriak aurreikustea eta instalazioak ondo prestatuta izatea izango da erronka, bai baliabideei dagokienez, bai espazioari dagokionez. Egoitzak Txinan edo beste nonbait egon behar duen, ez gara horretan sartuko, gure ustez herrian egotea oso garrantzitsua den arren. Neure esperientziak berretsi dit hori, zein garrantzitsua den egoitza herrigunean egotea.