Azpeitiko Gaztetxea, hamabost urtez bizirik

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 14a, 16:05

Koronabirusa tarteko, asanbladako kideek egoerara moldatu behar izan dituzte urteurrena ospatzeko antolatutako ekintzak. Hona hemen Erlo Telebistak Gaztetxearen hamabosgarren urteurrenaren harira egindako erreportajea.

2005eko uztailaren 15ean ireki zituen ateak gaur egun Azpeitiko Gaztetxea denak. Orduz geroztik, asko izan dira bertatik igaro diren gazteak, asanbladetan beren alea jarri dutenak edo antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu direnak. Gaztetxeak 15 urte beteko ditu aurten, eta koronabirusa tarteko, asanbladako kideek egoerara moldatu behar izan dituzte antolatutako ekintzak. Dena den, hilabete osorako egitaraua prestatu dute.

Aurten, uztailaren 18an ospatuko dute gaztetxearen urtemuga, eta ez dute egingo baltsa jaitsierarik, osasun eta segurtasun neurriak tarteko. Hori dela eta, beste ekintza batzuk prestatu dituzte larunbaterako. Goizean mendi txangoa egingo dute, eta, ondoren, bazkaria gaztetxean. Bazkalostean, berriz, bingo musikatua.

15 urteko ibilbideak askorako ematen du, baina gaztetxeko kideek azaldu dutenez, “osasuntsu” iritsi dira aurtengo urtemugara.

Gazte asanbladako kideek esperientzia ugari bizi izan dituzte urteetan zehar, eta bizipen horiek “ikasteko, hausnartzeko eta lagunak egiteko” balio izan dietela adierazi dute.   

Hona hemen Erlo Telebistak Gaztetxearen 15. urteurrenaren harira egindako erreportajea.