Parte hartzea suspertzea erronka

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2020ko uzt. 14a, 14:20

Anartz Izagirre UKTko kazetariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzen gaineko analisia egin du.

Inkestek ez zuten aldaketa handirik aurreikusten Eusko Legebiltzarrean, baina errealitateak beste behin erakutsi du inkestak ez direla inkestak besterik. Arratsaldeko parte hartze datua izan zen igandean jaso genuen lehen titular garrantzitsua, 2016ko hauteskundeetatik nabarmen jaitsi baita hiru lurraldeetan boto emaileen kopurua. Ondoren, 20:00etan jaso genituen parte hartze datuek berretsi zuten, hainbat faktore medio, alderdiek ez dutela oraingoan (ere) herritarrak mobilizatzerik lortu.

Abstentzioak alderdi guztiak ikaratzen ditu. Sarri esan ohi da parte hartze baxuak eskuina indartu eta ezkerra ahultzen duela; eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, euskal abertzaleak izan dira hauteskundeetako onuradun nagusiak. EAJk eta EH Bilduk 75 legebiltzarkideetatik 53 izango dituzte Gasteizen; hau da, hautetsien %70 euskal abertzaleak izango dira. Jeltzaleek eta koalizio abertzaleak, gainera, erruz igo dute hautetsi kopurua 2016tik: EAJk hiru jarleku gehiago izango ditu – nahiz eta 48.000 boto gutxiago jaso dituen –, eta EH Bilduk lau gehiago, 23.000 boto irabazita, gainera.

Egongo da emaitzen gaineko beste irakurketa bat egingo duenik ere. Izan ere, PSE-EEk hautetsi bakar bat gehiago lortu badu ere — inkestek igoera handiagoa aurreikusten zuten sozialistentzat —, EAJren eta PSE-EEren arteko itunak gehiengo osoa izango du gobernatzeko. Esan gabe doa, hautetsi kopurua ikusita, EAJ dela akordio horren onuradun nagusia, PSE-EE baino gehiago. Txanponaren beste aldean, Elkarrekin Podemos-IU dago. Izan ere, badirudi, ezkerreko gobernu hirukoitza osatzearen ideiak ez dituela boto-emaileak konbentzitu.

Eta dudarik gabe igandeko beste protagonista nagusia Espainiako Estatuko eskuina izan zen. Dirudienez, Alderdi Popularrari Ciudadanosekin batzeak ez dio mesede handiegirik egin, botoen erdiak eta lau hautetsi galdu baitituzte horiek. Voxek, berriz, lortu du Eusko Legebiltzarrera sartzea, eta jarleku bat bereganatu du eskuin muturreko alderdiak, UPyDk 2009an eta 2012an nola.

Kontuak kontu eta onuradunak onuradun, abstentzioa izan da irabazlea hauteskunde hauetan. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %47koa izan zen abstentzioa igandean, eta inoiz ez da halako abstentzio datu alturik izan Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan. Beraz, beste behin, parte hartzea suspertzea izango da datozen urteetan ere alderdien erronka nagusia.