Koronabirusa Azpeitian

Asteburuetako jende pilaketekin "kezkatuta", aste honetarako "neurri berriak" iragarri ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 14a, 11:01

Tabernariekin adostutako neurriak bete arren pilaketak sortu zirela ikusita, "tabernariekin eta bestelako eragileekin lanean" jarraitzen duela jakinarazi du erakundeak. Bihar beste bilera bat egingo du udalak tabernariekin. "Bereziki" Alde Zaharreko pilaketak saihesteko eta maskara erabiltzeko deia egin du udalak.

Zeresana eta kezka eragin dute joan den zapatu iluntze-gauean Azpeitian festa giroan ikusitako jende pilaketek. Erdikalean ateratako argazki bat bolo-bolo ibili da sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan. Izan ere, Alde Zaharreko tabernetan zein taberna atarietan jendea erruz elkartu zen, koronabirusa dela-eta zaindu beharreko segurtasun eta babes neurriei muzin eginez.

Jende pilaketa horiekin "kezkatuta" eta "neurri berriak" hartzeko prest azaldu da udala. Atzo iluntzean Twitter sare sozialean mezu segida argitaratu zuen, eta gaur eguerdian oharra atera du, kontu horren gaineko azalpenekin. Azken asteetan tabernariekin jarraipen bilerak egin dituztela azaldu du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak; hainbat neurri hartu dituztela dio, baina pilaketak eteteko "nahikoa ez" direla ere esan du. Bihar tabernariekin beste bilera bat egingo dutela aurreratu du udalak, eta ondoren "neurriak zorroztuko" dituela iragarri ere bai. "Egoera zaila da, izan ere, tabernetako aforoa kontrolatuta, jaso dezaketen baino jende gehiago ari da pilatzen Alde Zaharrean", adierazi du Labakak.

Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailarekin eta Osakidetzarekin ere elkartu zen udala atzo, eta batzuekin eta besteekin hitz egindakoak azaldu ditu Labakak. Aurten saninaziorik ez da ospatuko, baina data horiek gerturatu aurretik neurriak zehaztu nahi dituzte erakundeetako arduradunek, festak bertan behera uzteak jendea ez duela atzeratuko aurreikusita. "Jende pilaketak sortzea herri guztietako arazoa dela adierazi ziguten. Baina Azpeitian, ohiko egoera batean festen atarian izango ginateke. Santio eta San Inazio festak bertan behera utzi badira ere, jendea etortzeko eta pilaketak sortzeko arriskua dagoela jakitun gara. Horregatik, aurrera begira urrats gehiago egingo ditugu, eta guztia Herrizaingo Sailarekin koordinatuko dugu", azaldu du zinegotziak, Herrizaingo Sailekoekin hitz egindakoaz. Osasun Sailekoekin, berriz, kutsatze kasuen aurrean jarraitu beharreko protokoloa diseinatzen hasi dira, "prebentzio neurrien garrantzia" ahaztu gabe: "Badezpada aurrea hartu eta agerraldiren bat dagoen kasuan jarraitu beharreko protokoloa, hartu beharreko neurriak, herritarrekin izan beharreko komunikazio kanalak... elkarlanean diseinatzeari ekin diogu", adierazi du Labakak.

"Egoera konplexua" dela nabarmendu du udalak. Erakundeek dagozkien neurriak eta baliabideak areagotuko dituztela diote, baina "egoera honek herritar guztion konpromisoa eskatzen" duela gogorarazita. Eta eskaera zehatza ere egin diete azpeitiarrei: "bereziki" Alde Zaharreko pilaketak saihesteko, eta maskara erabiltzeko.

Honako hau da, aldiz, atzo Azpeitiko Udalak zabaldu zuen txio segida:

Txikizioak ere bai

Jende pilaketak ez ezik, zapatutik iganderako goizaldean bestelako gertaerak ere izan ziren herrian. Horrela, zenbait gunetan txikizioak egin zituzten ezezagunek.

Soreasu antzokian, sarrerako ate birakarietako baten kristalak puskatu zituzten. Ludotekan ere leihoetako kristal batzuk apurtuta agertu ziren, eta kalteak eragin zituzten, era berean, Santutxoko igogailuan ere.