Irailean itzuliko dira pentsio duinen aldeko aldarriak plazara

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 13a, 20:56

Astelehenero gisan, Azpeitiko Pentsiodunen Plataformak deituta pentsio duinak aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute gaur dozenaka lagunek plazan. Ikasturteko azken kontzentrazioa izan da gaurkoa, eta udako etenaldiaren ostean, irailean ekingo diote berriro protestei.

Azpeitiko Pentsiodunen Plataformak deituta, dozenaka lagun elkartu da gaur, astelehena, plazan. Udako etenaren aurreko azken elkarretaratzea izan da gaurkoa. Izan ere,  irailera arte ez dute beste kontzentraziorik deituko plataformako kideek. Ikasturte berriarekin batera itzuliko dira plazara Azpeitiko pentsiodunak eta jubilatuak, astelehenero egin ohi duten gisan, pentsio duinen defentsan.

Bi urte dira Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak protestan hasi zirenetik. 2018an Espainiako Gobernuak onartu zuen pentsioen gutxieneko –%0,25eko– igoera salatzeko eta pentsio duinak eskatzeko hasi ziren kalera ateratzen. Izan ere, pentsioen igoera horrekin hilean 2,3 euro gehiago jasoko zituzten pentsiodunek; urtean, 32,2 euro gehiago. Igoera hori nahikoa ez zela iritzita ekin zioten mobilizatzeari, KPI igoera aldarrikatuz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz eta babes sozialeko sistema propio baten aldeko jarrera erakutsiz. Orduz geroztik pentsiodunen aldarriek ez dute etenik izan. "Injustiziaren aurrean jarrera aktiboa" hartzeko deia egin zieten herritarrei, eta ugari izan dira bi urtetan egin dituzten protestak eta mobilizazioak. Hain zuzen, ehundik gora elkarretaratze egin dituzte, "pentsio publiko eta duinak" aldarrikatzeko. Bi urte igaro badira ere, borrokan jarraitzeko asmoa dute,  Espainiako Gobernuak pentsio politikak aldatu arte.