Erreportajea

Hik lan... eta nik?

Maialen Etxaniz eta Anartz Izagirre 2020ko uzt. 25a, 10:34

Udan ohikoak diren lanetan ere eragina izan du koronabirusak. Horietako batzuk bertan behera gelditu dira, eta beste lanbide batzuk egoera berrira egokitu dituzte. Udako lanetan diharduten edo aritu diren bost gazterekin hitz egin du Uztarriak, 2020ko uztaileko aldizkariko erreportaje honetarako. Hil honetako Uztarria aldizkaria, 229. zenbakia, webgune honetan osorik irakur daiteke dagoeneko, hemen, PDF formatuan.

Uztaila eta abuztua hilabete bereziak izan ohi dira gazteentzat. Ez bakarrik eguraldi onagatik, hondartzagatik, igerilekuagatik nahiz udako oporrengatik, baita urte sasoi horretan herritar askok lanerako abagunea izaten dutelako ere. Hamaika dira urtea ikasten edo bestelako lanak egiten igarotzen duten gazteak eta urteko zazpigarren nahiz zortzigarren hilabeteetan udan ohikoak diren lanak egiten dituztenak.

"Normaltasun berria" deiturikoak orain arte ezagutzen genuen gizartearen egunerokotasunaren erreplika lauso bat eskaini du, eta ogibide asko desagertu edo aldatu behintzat egingo dira hilabete hauetan. Osasun eta segurtasun neurriek herriko gune publikoetako eta pribatuetako edukiera eta erabilera baldintzak errotik aldatu dituzte, eta horrek eragin zuzena izan du, besteak beste, ostalaritzako langileen, aisialdiko hezitzaileen zein igerilekuetako sorosleen lanetan.

Koronabirusak hankaz gora jarri dituen lanbideen zerrenda luzea da, uda lanerako aprobetxatzen duten gazteak ere asko dira, eta Uztarriak gazte horietako batzuekin hitz egin du. Askoren planak izorratu egin ditu egoerak, eta beste askok egoera berrira egokitu behar izan dute jarduna.

Uda gozo baten zain

Andrea Hamill (izozki saltzailea)

2015eko udan hasi zen izozki dendan lanean Andrea Hamill (Getaria, 1998). Azpeitiko bizilaguna da, eta azken urteetan Getariako Dona Doni izozki dendan egin du lan.

Gazte askok bezala, lan egiteko aprobetxatu izan du uda Hamillek. "Diru pixka bat aurrezteko asmoz hasi nintzen lanean, gurasoei dirurik eskatu behar izan gabe nire kapritxoak erosi ahal izateko edo bidaiak egiteko. Gainera, jakin nahi nuen zer zen lan egitea eta norberak bere dirua irabaztea2, azaldu du.

Izozki dendako lana ez da udara mugatzen, eta Hamillek bi denboraldiz egin izan du lan. Hark kontatu duenez, martxoan hasi eta urri bukaeran amaitzen da denboraldia, eguraldiaren arabera, gehienetan. Berarentzat "oso lan ona da" izozki dendakoa. "Kostaldeko gazteen artean udan lan egiteko ohitura handia dago, baina gehienek tabernetan edo jatetxeetan egiten dute lan. Taberna edo jatetxe askotan ez dute ordutegi finkorik, ez dagoelako jakiterik noiz amaituko duten otorduekin eta abar. Guk ordutegi finkoa dugu izozki dendan. Horrez gain, egiteko aldetik atseginagoa dela iruditzen zait", azaldu du. Jendeari aurrez aurreko zerbitzua eskaintzeaz gain, dendaren atzeko aldean izkozkiak egiten-eta aritzen direla kontatu du Hamillek. Hori ere "lan polita" dela dio.

Haren hitzetan, kostaldeko herrietako gazte asko animatzen da izozki dendan lan egitera, eta berak lan egin duen urteetan gazteekin batera aritu izan dela kontatu du. Dena den, izozki dendakoa ez da Hamilek egiten duen lan bakarra. 2018an goi mailako zikloko ikasketak amaitu zituen. Ikasketa duala egin zuenez, praktikak egin zituen enpresa batean, eta bertan lanean jarraitzeko aukera izan du. Hala ere, gaur-gaurkoz, izozki dendara ere egiten ditu joan-etorri batzuk: "Zenbaitetan joaten naiz izozki dendara lanera, laguntzera eta. Deitzen didatenetan saiatzen naiz laguntzera joaten".

Aurten, ordea, udaz gozatu nahi du Hamillek. "Uda honetan disfrutatzeko asmoa dut. Noizbait deitzen badidate, joango naiz. Baina aurtengo uda aprobetxatu egin nahi dut, nahiko denbora pasatu baitugu etxean sartuta".

Udalekurik ezean...

Jon Ander Iriondo (begiralea)

Txangoak, denetariko jolasak, San Fermin Txiki eguna, igerilekura irteerak... Udalekuetara joaten diren umeei zuzendutako ohiko ekintzak dira horiek denak, baina haurrek ez ezik, helduagoek ere gozatzen dute horiez. Pertsona horietako bat da Jon Ander Iriondo (Azpeitia, 1998). Azken urteetan Azpeitiko udal udaleku irekietako begiralea izan da, eta "haurrek jolasean bezainbeste" gozatu du lanean. Aurten, koronabirusa tarteko, planak aldatu zaizkio, ordea.

Gaur egun, Magisteritza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikaslea da Iriondo. "Gustuko ditut haurrak, umeekin jolastea ikaragarri gustatzen zait oro har. Horregatik erabaki nuen irakasle ikasketak egitea, baita begirale titulua ateratzea ere", azaldu du. Haurrenganako grinak bultzatuta animatu zen begirale titulua ateratzera, eta Gaztela Leongo (Espainia) herri txiki batean egindako egonaldian eskuratu zuen ondoren lanerako baliogarri izango zitzaion tresna. "Nire asmoa zen titulua ateratzea eta Azpeitiko udalekuetan praktikak egitea. Zortea izan nuen, eta udal udalekuetan egin nituen praktikak. Orduz geroztik, udaro egin dut lan horretan. Aurtengoa laugarren aldia izango litzateke", kontatu du.

Udalekuetako begiralearen egitekoa "perfektua" da Iriondorentzat: "Umeekin jolasteko aukera ematen duen lana izateaz gain, ordutegi bikaina dauka. Lan perfektua da niretzat. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera eskaintzen du. Azpeitian denok ezagutzen dugu elkar gehiago edo gutxiago, baina horrek ez du esan nahi elkarrekin harremana dugunik. Udalekuetan gazte askok elkar sakonago ezagutzeko aukera izaten dugu. Izan ere, lana partekatzeaz gain, ardura bat elkarbanatzeko aukera ematen du begirale aritzeak, eta horrek pertsonak ezagutzeko parada eskaintzen du. Horrez gain, Gazteria Saileko hezitzaileekin lan egiteko aukera ere izaten dugu udalekuetan, eta hori oso aberasgarria da, haiek ondo ezagutzen baitituzte herriko haurrak eta gaztetxoak".

Koronabirusaren ondorioz, aurten, bertan behera utzi dituzte udalekuak Azpeitian, eta udalekurik antolatu ez izanak planak aldatu dizkio Iriondori. “Penaz hartu nuen berria, baita nire inguruko gazte askok ere. Hala ere, uste dut inork ez duela gustuz hartu erabakia", azaldu du. "Kolpea izan da, baina, tira... Egoera zail honetan ezin zaio inori ezer leporatu udalekuak ez antolatzeagatik". Udaleku irekiak egingo ez dituzten arren, zaintzarako begiraleen lan poltsa ireki du Azpeitiko Udalak, eta diruz lagunduko ditu zaintzarako kontratazioak. Erakundeak sustatutako proiektua "egitasmo interesgarria" iruditu zaio Iriondori, baina ez du bertan parte hartuko: "Ideia ona iruditzen zait, laguntza behar duen jendeari laguntzeko antolatutako proiektua delako, baina nik ez dut parte hartuko. Izan ere, uste dut ez duela udalekuetako lanaren antzik. Haurrekin lan egiteko modua oso desberdina da, eta ni ez naiz izena ematera animatu".

Udalekurik egon ez arren, Iriondo ez da geldirik geldituko udan. "Begirale gisa lanik izango ez genuela jakin nuenean, pentsatu nuen aukera bat izan zitekeela goizetan tabernaren batean lan egitea, batez ere udan zehar diru pixka bat biltzeko eta gurasoei eskatu beharrik ez izateko. Ez naiz sekula tabernan lanean aritu, ordea, eta horrek atzera bota ninduen. Azkenean, zorionez, zaintza lanetan arituko naiz. Izan ere, lantxo bat topatu dut, eta lehengusinarekin batera ondoko baserrian bizi diren haurrak zaintzeko ardura hartu dut. Lana topatu dut, behintzat, eta ezin naiz kexatu", dio.

Aurten, barraren beste aldean

Miren Arruti (tabernaria)

Ekainetik hasi eta irailera bitartean Euskal Herriko hamaika txokotan festa usaina izaten da nagusi, eta taberna askok orduan izaten dituzte urteko salmenta handienak. Aurten, ordea, bestelako uda aurreikusten dute hainbatek, eta uda tabernan lanean igarotzen duten langile askoren asmoak zapuztu egin dira.

Miren Arrutik (Azpeitia, 1990) hamahiru urte daramatza tabernan lanean asteburu solteetan zein festetan, eta koronabirusaren krisiaren eraginez, uda honetan segur aski ez du tabernan lanik izango. Saninazioetan Azpeitiko Mendizaleen tabernan lan egingo zuela uste zuen, baina gaur-gaurkoz ofizialki saninaziorik egongo ez denez, ez du han lan egiterik aurreikusten azpeitiarrak: "Koronabirusak izorratu egin du udan lan egiteko nuen asmoa, baina gaitz honekin ikasi dut egunean egunekoa bizi behar dela". Arrutik dio dagoeneko "onartu" duela festetan ez duela tabernan lanik izango eta beste konponbideren bat topatzen saiatuko dela dirua irabazteko: "Ez da bataren edo bestearen errua, hala tokatu da eta kito". Aurtengo uda tabernetan nolakoa izango den galdetuta, "arraroa" izango dela dio Arrutik: "Taberna batean arau batzuk izango ditu bezeroak, eta bestean, beste batzuk".

Berari ez ezik, egoera honek inguruko beste hainbat tabernari gazteri ere eragingo diola uste du azpeitiarrak, eta aldaketa handia sumatuko dela aurten: "Tabernetan irabazi gutxiago izango dituztenez, kaltetu handienak tabernetako langileak izango dira". Arrutik urte asko pasatu ditu herriz herri eta festaz festa lanean; guztira, sei tabernatan aritu da —horietako lau herrikoak dira eta bi kanpokoak—, baina lan egiteko modu hori dagoeneko ez dela oso ohikoa dio azpeitiarrak: "Beste pare bat pertsona ere ezagutzen ditut nire moduan udan herriz herri tabernetan lanean aritzen zirenak, baina gaur egun hori egitea zaila da, jende askoz gutxiago ibiltzen baita parrandan". Arrutik azaldu du gogoan duela San Inazio bezperan taberna berean zazpi pertsona lanean aritzen ziren garaia, baina orain halakoak ikustea ezohikoa dela dio.

COVID-19 gaitzak Arrutiri planak aldatu badizkio ere, umeak zaintzen ere egiten du lan azpeitiarrak. Gainera, tabernako lana "pixkanaka-pixkanaka" uzteko asmotan dabil: "Azkenaldian tabernetako jabeei-eta esaten diet azken momentuko norbait behar badute abisatzeko, baina bestela ezetz". Hamahiru urte hauetan asko ikasi duela adierazi du azpeitiarrak: "Tabernan lan egiten dugunok kate motzean lotuta gaude, eta azken orduan lan egitera joateko abisatzen digutenetan, bertan behera utzi behar izaten ditugu plan asko". Tabernan lan egitea "zirkulu bizioso" bat bilakatzen dela dio, eta "gogorra" dela modu horretan lan egitea. Gauzak horrela, badirudi azpeitiarrarentzat barraz beste aldeko uda izango dela aurtengoa, hamahiru urteren ostean.

Lanerako prest

Oihana Goenaga (soroslea)

Azpeitiko estali gabeko udal igerilekuko soroslea izan da Oihana Goenaga (Azpeitia, 1999) azken urteetan. Igeriketari lotuta egon da txikitatik, eta orduak eman ditu Azpeitiko igerilekuan entrenatzen. Igerilekuan "etxean bezala" sentitzen da, eta bertan lan egitea "ikaragarri" gustatzen zaio. COVID-19aren ondorioz, baina, aurtengo udako planak goitik behera aldatu zitzaizkion Goenagari. Dena den, azkenean, estali gabeko igerilekuan egingo du lan sorosle gisa. "Duela hiru urte hasi nintzen sorosle lanetan, 18 urte egin nituenean, hain zuzen. Udan lana eginda diru pixka bat irabazteko asmoz hasi nintzen lanean, beti ondo etortzen baitira sos batzuk", azaldu du. Aurreneko bi urteetan Loiolabideko etxeetako igerilekuan egin zuen lan Goenagak, eta ondoren hasi zen lanean kanpoko udal igerilekuan.

Sorosle aritzea "lan eta plan perfektua" da berarentzat. "Urtean zehar, ikasi bitartean lan egitea oso gogorra da. Probatu nuen, eta nahiko gogorra egin zitzaidan. Udan lasaiago ibiltzen garenez, eramangarriagoa da lan egitea", azaldu du. Sorosle lanetik gehien gustatzen zaiona eguzkia dela aitortu eta igerilekuko lana "nahiko lasaia" dela azaldu du: "Igerilekuko soroslearen lana nahiko lasaia da. Hondartzetakoa beste kontu bat da. Dena den, sorosleak duen ardura handia da, izan hondartzan edo igerilekuan".

Azpeitiko igerilekuan lan egiten duten sorosle gehienak gazteak dira, eta horrek elkar ezagutzeko aukera eskaintzen die. "Asko gara diru pixka bat irabazteko eta zertxobait aurrezteko aukera aprobetxatzen dugun gazteak. Urte guztian igerilekuan lan egiten duten lagun batzuek ere egiten dute lan udan, baina sorosle gehienak gazteak gara", azaldu du Goenagak.

Koronabirusak "goitik behera" aldatu zizkion aurtengo udarako planak. Izan ere, hasiera batean, igerileku estaligabea ez irekitzea erabaki zuen udalak. "Bizi izan dugun egoera oso arraroa da, eta ez da erraza izango erabakiak hartzea eta herritar guztiak pozik agertzea, baina igerilekua irekiko ez zutela jakitean, pena handia hartu nuen. 'Orain zer egin behar dut?', pentsatu nuen. Izan ere, lan egitea nahi nuen", kontatu du. Hori dela eta, tabernan lanean jarraitzea erabaki zuen, espero ez zuen deia jaso zuen arte: Azpeitiko igerileku estaligabea irekiko dutela eta, sorosle gisa egingo du lan aurtengo udan ere. "Oso pozik" dago Goenaga: "Izugarrizko poza sentitu nuen berria jaso nuenean. Arduradunek deitu ziguten sorosle aritzeko prest al geunden galdetzeko, eta, noski, baiezkoa eman nuen. Oraingoz, ez dakigu zer-nolakoak izango diren lanerako baldintzak, baina neurriak zorrotz bete beharko ditugula aurreikusten dut. Hala ere, oso gustura nago". Goenagak azpimarratu du ahalik eta urte gehien jarraitu nahi duela sorosle, lan eginez gozatzen.

Agertokia zapaltzeko irrikaz

Trini Fox (musika taldea)

Pil-pilean dagoen gaia da azken hilabeteotan kulturarena. Astindu ederra jaso dute kultur sortzaileek koronabirusaren eraginez, baina apurka-apurka ari dira agertokiak lehengo itxura hartzen. Hala eta guztiz ere, aurtengo udan behintzat ez dirudi aurreko urteetako panorama bera errepikatuko denik herrietako jaietan, udalerri asko bertan behera ari baitira uzten festak, eta kontzertuetan zein bestelako kultur ekitaldietan ezohiko egoera izango da nagusi.

COVID-19 gaitzak betebetean harrapatu zuen Azpeitiko Trini Fox musika taldea. Duela hiruzpalau urte ekin zion taldeak bere ibilbideari, eta Suharri Aranburuk, Aimar Urruzunok, Xabier Iñurrietak eta Iñaki Zubeldiak osatzen dute egun laukotea. Martxoaren erdialdean, konfinamendua hasi baino egun gutxi batzuk lehenago plazaratu zuten Ataraxia izeneko bigarren diskoa, eta lan berri hori Azkoitiko Matadeixen ziren aurkeztekoak itxialdia agindu zuten aste horretan bertan: "Diskoa atera genuen aste berean hasi zen konfinamendua; beraz, genituen plan guztiak hankaz gora jarri zizkigun koronabirusak", azaldu du Iñaki Zubeldia (Azpeitia, 1997) Trini Fox taldeko bateria jotzaileak.

Udarako hainbat kontzertu zituzten buruan azpeitiarrek: "Aurten, lehenengo aldiz Euskal Herritik kanpo eman behar genituen kontzertuak, Katalunian, baina bertan behera gelditu dira". Horrez gain, hainbat herritako udako festetan ere kontzertuak emateko intentzioa zuten Trini Foxeko kideek, baina ez dakite egoera berria dela-eta zuzeneko horiek eskaintzeko aukerarik izango duten. Diskoa aurkeztu osteko lehen kontzertua ekainaren 27an eman zuten, Sanagustin kulturgunean, Orkatz kultur elkartearen urteurreneko jaialdian. Emanaldi horretarako prestatzeko ere lanak izan dituzte azpeitiarrek, deseskalatzearen bigarren fasean utzi baitzieten lehen aldiz musika taldeei entseguak egiten, eta kontzertua prestatzeko "esprinta jo" behar izan zutela azaldu du Zubeldiak.

Datozen hilabeteetan eman ahal izango dituzten kontzertuak ere "desberdinak" izango direla uste du Trini Fox taldeko bateria jotzaileak: "Gure taldearen kasuan, ikusleak tente edo eserita dauden sekulako aldea da". Edukierak ere kezkatzen du Zubeldia: "Ez dakigu kontzertuetan baimenduko duten edukiera zenbaterainokoa izango den ere. Nik uste dut kontzertuak normal ematen hasterako denbora asko igaroko dela hemen". Ezbairik gabe, aurtengo uda berezia izango dela nabarmendu du Zubeldiak, eta kontzertu "txikiak eta klandestinoak" nagusitu daitezkeela inguruan: "Euskal Herrian festetan oinarritzen da kontzertuen filosofia hori, eta festarik ez badago...", gaineratu du azpeitiarrak.