Jon Alberdik min hartu du, eta ostiralean ez du Azpeitian jokatuko

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 13a, 12:03
Jon Alberdi.

Master Caixabank txapelketako bi partida izango dira Izarraitz pilotalekuan. Oraindik ez dute jakinarazi nor ariko den Alberdiren lekuan. Eskuin oineko bosgarren metatartso-hezurra hautsi zuen zapatuan azpeitiarrak, eta ebakuntza aste honetan egingo diotela espero du.

Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak ez du ostiralean Master Caixabank txapelketako Azpeitiko partida jokatuko. Izan ere, larunbatean min hartu zuen Larrabetzun (Bizkaia) jokatzen ari zen partidaren hondarrean. Hogeigarren tantoan, zabaleko pilota bat defendatzen ari zela, haustura sentitu eta kantxa utzi behar izan zuen. Partida bertan behera gelditu zen.

Uztarria.eus-ek pilotariarekin hitz egin du, eta eskuineko oineko bosgarren metatartso-hezurra hautsi duela eta ziurrenik ebakuntza aste honetan bertan egingo diotela jakinarazi du hark. Lehiara itzultzeko hilabete batzuk beharko dituela aurreikusten du azpeitiarrak; izan ere, hiruzpalau hilabete beharko ditu errekuperatzeko.

Ez dira aste asko pilotariak kantxetara itzuli direla, eta lesioak amorru "dezentea" eragin dio Alberdiri. Halere, azaldu du COVID-19aren krisialdiak eragindako geldialdiak ez duela zerikusirik lesioarekin. "Ez da giharretako lesio bat izan. Hezurrak krak egin dit, eta geldialdia ez da aitzakia".

Sarrerak salgai

Ostiralean Izarraitz pilotalekuko kantxan ez dela izango ziurra da, baina oraindik ez dute zehaztu zein ariko den Alberdiren ordez. Laruberekin jokatu behar zuen azpeitiarrak Master Caixabank txapelketako norgehiagoka, Egiguren V.aren eta Ladis Galarzaren kontra. Partida estelarrean, aldiz, Ezkurdia eta Aranguren Altuna III.aren eta Imazen aurka ariko dira nor baino nor.

Jaialdia 22:15ean hasiko da Izarraitz frontoian, eta bi partidak ikusteko sarrerak salgai daude 25 euroren trukean. Internet bidez, entradiumen eta proticketingen atarietan eros daitezke sarrerak. Horrez gain, egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira pilotalekuko leihatilan, 18:00etatik aurrera.