Ezohiko egoerak baldintzatuta ari dira botoa ematen herritarrak

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 12a, 10:59

09:00etan ireki dituzte Azpeitiko hauteslekuak, eta ohikoa den moduan hainbat herritarrek goizean goiz eman dute botoa. Ezohiko egoerak baldintzatu ditu, ordea, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta osasun eta segurtasun neurriak ezarri dituzte hautesleku guztietan.

Eguraldi kaxkarrarekin eta ezohiko egoeran bada ere, normaltasuna izan da nagusi goizean zehar Azpeitiko hauteslekuetan. 09:00etan ireki dituzte hauteslekuak, eta hainbat azpeitiarrek goizeko lehen orduak aprobetxatu dituzte botoa ematera joateko. Botoa emateko ohiko lekuak ezarri dituzte, hala nola Oktogonoa, Emakumeen Txokoa, Betharrametako aretoa eta Baigera. Hautesle-erroldaren arabera, 11.321 azpeitiarrek izango dute botoa emateko gaur eskubidea Azpeitian.

COVID-19 gaitza dela eta, mahaikideen eta boto-emaileen osasuna zein segurtasuna bermatzeko hainbat neurri ezarri dituzte gaurkoan. Botoa ematerakoan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Hori dela eta, hauteslekuetako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa eta maskarak ere jarri dituzte. Aldaketa horiez gain, beste batzuk ere egin dituzte; botoa ematerakoan, adibidez, norberak bere izen-abizenak esan beharko ditu hautes-mahaian identifikatzeko, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak botoa etxetik prestatuta eramatea gomendatu du.

Hauteslekuetan jendea boza normaltasunez ematen ari bada ere, izan dira ezohiko egoerak ere. Herriko hauteslekuetako batean, adibidez, mahaian egotea egokitu zaien bederatzi herritarretatik bost bakarrik agertu dira zegokien orduan beren mahaira, eta hainbat ordezkok bete behar izan dituzte postu horiek.

Emaitzak zuzenean, Uztarrian

Uztarriak jarraipen berezia egingo die gaur Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei. Goizean hasita, argazki bildumak, parte-hartze datuak eta abar ikusi ahal izango dira webgune honetan. Gainera, 20:00etatik aurrera, bozen emaitzen berri emango du Uztarriak horretarako prestatuta duen plataforman.