Internet bidez erreserba daitezke igerilekuko, fitness gelako eta muskulazioko txandak

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 10a, 14:02

Aurrerantzean, erabiltzaileek estalitako igerilekura astean hiru aldiz joateko aukera izango dute. Muskulaziora, aldiz, astean bost alditan. Abuztuan irekita egongo da barruko igerilekua.  

Ekainaren 15ean ireki zuen Azpeitiko Udalak estalitako igerilekua, eta pixkanaka "normaltasuna berreskuratzen" ari da. Oraindik prebentzio neurriak "beharrezkoak" diren arren, udala hasi da "erabileraren arabera" neurriak egokitzen eta aldaketak egiten. Hori dela eta, gaurtik aurrera estalitako igerilekuko, fitness gelako eta muskulazioko txandak Internet bidez hartzeko aukera izango dute erabiltzaileek www.erreserbak.azpeitia.eus helbidean. Udalak azaldu duenez, "erabiltzaileei erraztasunak emateko asmoz" hartu dute erabakia.

Txanda kopuruari dagokionez, aurrerantzean erabiltzaile bakoitzak estalitako igerilekura astean hiru aldiz joateko aukera izango du. Muskulaziora, aldiz, astean bost alditan, ordu eta erdiz. 

Barruko igerilekua, abuztuan irekita

Udalak estalitako igerilekua itxi egiten du abuztuan, mantenu lanak egiteko. Aurten, ordea, ez dute itxiko, eta irekita izango da abuztu osoan, ezustekorik ezean. Udalak azaldu duenez, igerilekua itxita egon den hilabeteak aprobetxatu dituzte urteroko mantenu lanak egiteko.

Kanpoko igerilekua irailaren 27a arte izango da zabalik.