'Labana eta orbana' teknika grafikoen esperimentazio tailerra eskainiko dute irailean Dinamoan

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 10a, 12:47
Dinamoko irudien gunean eskainiko dute ikastaroa.

Teknika grafikoen esperimentazio tailerra izango da irailaren 22tik urriaren 31ra arte Dinamoan, eta dagoeneko zabaldu dute ikastaroan izena emateko epea. Serigrafia, linografia eta beste arte grafiko batzuk landuko dituzte ikastaroan.

Labana eta orbana deituriko teknika grafikoen esperimentazio tailerra eskainiko dute Dinamoan datorren ikasturtetik aurrera, eta dagoeneko zabalik dago bertan izena emateko epea. Irailaren 22tik urriaren 31ra izango da ikastaroa —guztira, 36 ordukoa da tailerra—, eta Alaitz Alberdi eta Joseba Agirrezabalaga izango dira saioen gidariak. Astean aurrez aurreko bi saio izango dira: astearteetan, 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuetan, 09:00etatik 13:00etara. Halere, parte-hartzaileek ordu horietatik kanpo ere Dinamoa erabiltzeko aukera izango dute beren lanarekin jarraitzeko.

Arte grafikoen munduan sartu nahi duten eta sormenean irudien bitartez murgiltzen ausartzen diren 16 urtetik gorako herritarrei zuzendurik dago ikastaroa. Saio horien helburuak dira, besteak beste, arte grafikoen aukerak aztertu, ikasi eta probatzen hastea, eta irudien bidez kontatzeko tresna propioak garatzea. Ikasleek honako jarduera hauek egingo dituzte ikastaroaren sei asteetan:

  • Arte grafikoek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzea
  • Irudien sortze prozesuaz kontzientzia hartzea
  • Arte grafikoekin lanean hastea
  • Teknika muga baino akuilu hartzea, akatsa baliatzea
  • Irudiari buruzko aldizkari bat egiteko lehen pausoak ematea.

Izen-ematea

Atzo, hilak 9, ireki zuten ikastaroan izena emateko epea, eta saioetan interesa dutenek irailaren 9a baino lehen eman beharko dute izena, honako lotura honetan. Soldatadunek 160 euro ordaindu beharko dute tailerra, eta soldatagabeek 80 euro. Ikastaroaren inguruko informazio osoagoa nahi dutenek, lotura honetan aurki dezakete informazio guztia. Horrez gain, saioen gaineko zalantzak argitu nahi dituztenek 635 73 87 60 telefonora deitu edo dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzi dezakete.