Jasotako mimoak bueltan

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 10a, 11:25

Azpeitiko Xaxarki estetika zentroan erlaxazio saioak eskaintzen ari dira osasun langileei, doan. Lehen lerroan egon direnei esker onak eman nahi dizkiete horrela. 

Zenbat buruhauste ekarri duen koronabirusak: zenbat buruko min, zenbat heriotza eta zenbat sufrimendu. Baina ez da dena txarra izan. Txarrak beti ekartzen du zerbait ona atzetik, eta horren erakusle da Azpeitiko Xaxarki estetika zentroan martxan jarri duten egitasmoa. Osasun langileek –lehen lerroan egon diren horiek– azken boladan egin duten lan izugarria eskertzeko, beren denbora jartzen ari dira, beren eskuak. Eskuak eskuen truke.

Lurdes Olaizola (Azpeitia, 1959) eta Idoia Illarramendi (Azpeitia, 1974) dira Xaxarkiko estetizistak, eta haiekin lan egiten duen etxe batetik jaso zuten proposamena: etxe hori produktuak jartzeko prest agertu zen, eta Olaizolak eta Illarramendik beren denbora jarri behar zuten. Elkarlan horren helburua bat eta bakarra zen: osasun langileak mimatzea, haiek orain arte gizarte osoarekin egin duten moduan. Bi aldeek jarritako borondateari esker, erabat doan eskaintzen dute Olaizolak eta Illarramendik zerbitzua. Beste herri batzuetan ere ari dira gauza bera egiten.

Baina zer da, zehazki, Xaxarki estetika zentroan egiten dutena? "Gorputzeko erlaxazio bat eskaintzen diegu osasun langileei, esfoliazioa eta hidratazioa baliatuta. Gorputz guztian egiten diegu tratamendua: aurpegian, hanketan, besoetan, eskuetan...", azaldu du Olaizolak. Estetizisten arabera, psikologikoki ez ezik, gorputzean ere sufritu dituzte osasun langileek pandemiaren ondorioak. "Lanerako erabili duten ezohiko materiala dela eta –maskarak, norbera babesteko ekipamenduak...–, azalean arazoak sortu zaizkie, eta saio hauen bidez, azala oxigenatzen diegu. Azalean arazo pila bat ari zaizkie agertzen: batzuek hidratazio falta dute, besteei granoak atera zaizkie...".

Lehen lerroan aritu diren askotariko profesionalei eskaini dizkiete saioak: medikuei, erizainei, fisioterapeutei, garbitzaileei... Duela hiruzpalau aste hasi ziren proiektuarekin Olaizola eta Illarramendi, eta guztira, dozenatik gora pertsonari eskaini diote tratamendua. Inguruko leku askotatik bertaratu dira Azpeitiko zentrora: Mendaroko Ospitaletik, Zumarragako Ospitaletik, Gipuzkoa Poliklinikatik, inguruko anbulatorioetatik...

Estetizistek proposamena eginda jakin du jendeak erlaxazioak eskaintzen ari direla. "Osasungintzan lan egiten dutela dakigun pertsonei deitu diegu, zerbitzu hori eskaintzen dugula azalduz. Gero batek besteari kontatu dio horretan ari garela, eta ahoz aho zabaldu da. Hala ere, lehenik eta behin saiatu gara guk ezagutzen ditugun pertsonei eskaintzen saioa. Inguruko jendeari azaldu nahi izan diogu gure esker ona". Guztira, hogei laguni egingo diote erlaxazioa.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.