Azpeitiko Udalak 3.850.000 euro itzuli beharko dizkio Lapatx Zabortegiari

Julene Frantzesena eta Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 9a, 16:59

Epaile batek baliogabetzat jo du Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak 2015ean sinatutako hitzarmen bat. Akordioaren arabera, Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko dirulaguntza eskuratu behar zuen, kalteordain gisa, Lapatx zabortegiak 30 urtetan eragindako kalteak bere onera ekartzeko. Azkoitiko Udalaren mankomunitateko ordezkariek epaitegietara jo zuten, hitzarmenarekin ez zeudelako ados. Helegitea aurkezteko aukera du Urola Erdiko Mankomunitateak. Mankomunitateko presidente eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi Aitor Bereziartuak azaldu duenez, Azpeitiko Udalak "ez du ukitu" jasotako dirua.

Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek baliogabetzat jo du Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak 2015eko abenduan sinatutako hitzarmen bat. Akordio hartan jaso zutenez, Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko dirulaguntza eskuratu behar zuen ingurumen programetara bideratzeko; hain zuzen ere, kalteordain gisa eskatu zuen udalak kopuru hori, Azpeitiko udal lurretan dagoen Lapatx zabortegiak 30 urtetan eragindako kalteak bere onera ekartzeko. Azkoitiko Udaleko mankomunitateko ordezkariek hitzarmen horren kontra jo zuten epaitegietara, orain epaileak hitzarmena baliogabetu egin du, eta Azpeitiko Udalak Lapatx Zabortegiari itzuli beharko dio diru kopuru hori. Mankomunitateak, ordea, EAEko Auzitegi Nagusian epaiari helegitea ezartzeko aukera izango du.

Azkoitiko Udalak ohar bidez eman du gaur aldeko epaiaren bidez. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearen hitzetan, lau urteko bidea eginda arrazoia eman die epaileak. "Azkoitiko herriaren interesak, eta nola ez, bailarakoak defendatzeko gaude, beti ere gauzak justiziaz eta orekaz egiten badira". Hark salatu duenez, "ez da etikoa" beste herriez eta komunean dituzten funtsez eta erakundeez aprobetxatzea: "Bidegabekeria horren aurka azaldu gara hasieratik".

Urola Erdiko Mankomunitatearen presidentea da Aitor Bereziartua Azpeitiko zinegotzia. Epaia gaur bertan jaso dutela eta "aztertu egin behar" dutela adierazi du Bereziartuak helegitea jarri ala ez erabaki aurretik, baina ia ziurra da mankomunitateak errekurtsoa aurkeztuko duela. Izan ere, Bereziartuak azaldu du aipatutako hitzarmena dela-eta mankomunitatearen kontra bost demanda jarri zituztela Azkoitiko Udalaren ordezkariek, eta aurreko laurak atzera bota zituela epaileak; bosgarrena eta azkena da orain epaitu dutena. Azkoitiko Udalaren mankomunitateko ordezkariek kontra jaso dituzten lau epaiei helegiteak jarri dizkietela ere jakinarazi du mankomunitatearen presidenteak.

Hitzarmena epaibidean zela jakinaren gainean, Azpeitiko Udalak jasotako dirua "ez du ukitu", Bereziartuak nabarmendu duenez. Lapatx Zabortegiak Azpeitiko Udalari kalteordaina ematearen alde mankomunitatean hartutako erabakiaren irmotasuna ere azpimarratu nahi izan du presidenteak. "Zazpi udalerrik osatzen dute mankomunitatea eta bakoitzak hiru ordezkari ditu bertan. 21 ordezkariotatik Azkoitiko EAJren biek [EH Bildukoa zen Azkoitiko hirugarren ordezkaria] bakarrik eman zuten kontrako botoa. Gainerako guztiak, EAJ zein EH Bilduren ordezkariak, hitzarmenaren alde azaldu ziren".

Lau urtetik gorako soka

Urola Erdiko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak 2015eko abenduaren 10ean onartu zuen hitzarmena, eta Azkoitiko Udalak alegazioak aurkeztu zituen. Dena den, alegazio haiei erantzunda, behin betiko onartu zuen hitzarmena mankomunitatearen mahaiak. Bozketa hartan, Azkoitiko Udaleko EAJren bi ordezkariek hitzarmenaren kontra egin zuten, Beizamako hiru ordezkariek ez zuten bileran parte hartu, eta gainerako kide guztiek aldeko boza eman zuten.

2016ko urtarrileko udalbatzarrean erabaki zuen Azkoitiko udalbatzak hitzarmenaren aurkako helegitea aurkeztea. Hain zuzen ere, EAJk, Irabazi Azkoitia Baik eta PSE-EEk errekurtsoa ezartzearen aldeko botoa eman zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Erabakia hartuta, hitzarmenaren kontrako helegitea ezarri zuten Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak nahiz Ana Azkoitia, Miguel Angel Bastida eta Angel Martin zinegotziek –Urola Erdiko Mankomunitateko kideak–, hitzarmen hura "Azkoitiko herriaren interesen kontra" zihoala uste zutelako.