Loiola parean Urola ibaiaren ibilgua oztopatzen zuten zuhaitz adarrak garbitu ditu Ura agentziak

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 9a, 13:09

Ura agentziak hainbat lan egin ditu azken asteetan “Urola erdigunetik igarotzen den ibai-tartea lehengoratzeko”. Egindako lanen artean, Urola ibaiaren ibilgua edo uraren bidea oztopatzen zuten zuhaitz adarrak kendu dituzte Loiola pareko zubitik. 

Horrez gain, 80 metro kubiko landaretza eta egur hil kendu ditu Ura agentziak Urola ibaiaren ibilgutik. Horiek kentzeko arrazoiak zein diren azaldu du agentziak: “Landaretza eta zura pilatzea ibaiaren izaerarekin bat badator ere, eta ibaiaren egoera ekologiko onerako ezinbestekoa den flora eta fauna hartzeko balio badu ere, ubideratutako hiri-tarteetan oztopo bat sor diezaiokete uraren jario askeari, eta ubideratutako tarteari eman zitzaion ahalmen hidraulikoa murriztea  ekar lezake. Horregatik, kasu horietan, korronteak herrestan eraman ditzakeen enborrak, motzondoak edo tamaina handiko adarrak kendu behar dira, adibidez, zubi baten zutabearen ondoan edo ibilguan egonkortutako sedimentuetan pilatzen badira”.

Azkoitian, aldiz, autoktonoak ez diren landareak atera eta bertakoak diren zuhaitzak sartu ditu Ura agentziak. Hain zuzen, 25 itzal-platanondo atera dituzte Urola ibaitik, eta ibaiertzeko 375 zuhaitz autoktono landatu dituzte Urola ibaiaren tarte horretan.