San Inazio festak, bertan behera

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 9a, 08:50
Udal ordezkariak eta eragileenak atzo, herriko plazan, saninazioak ez direla ospatuko jakinarazteko argazkian. (Mailo Oiarzabal)

Udalak eta eragileek hala adostuta, uztailean ez da jai ekitaldirik izango aurten. Adierazpen bateratua plazaratu dute: erabakia "zaila" izan dela onartu dute, baina nabarmendu dute une honetan "lehentasuna herritarren osasuna" dela.

Aspaldiko urteetan ohitura bihurtu da uztail hasierako edo erdi aldeko arratsalderen batean Azpeitiko plazan hainbat herritar elkartzea, San Inazio jaien etorrera iragartzen duen argazki koloretsua ateratzeko. Atzo arratsaldean ere elkartu ziren plazan udalaren eta saninazioetan beren alea jartzen duten eragileen ordezkariak, eta atera zuten argazkia, baina ez zuten festarik iragartzeko. Alderantziz: aurten saninazioak bertan behera uztea adostu dute udalak eta herriko 26 eragilek, eta erabaki hori irudikatzeko batu ziren atzo plazan.

COVID-19ak eragindako pandemia betean, batean eta bestean herri eta hirietako jaiak bertan behera uzten zituztela ikusita, espero zen erabakiaren berri eman zuten atzoko agerraldian. Adierazpen bateratua plazaratu dute udalak eta eragileek, "pena handiz baina adostasunez" hartutako erabakia azaltzeko: Erabaki "zaila" izan dela onartu dute, "urte osoan festa hauek prestatzeko lan egiten dutelako herritar ugarik", baina nabarmendu dute une honetan "lehentasuna herritarren osasuna" dela.

"Saninazioak azpeitiar guztien festak dira, azpeitiar guztientzat egiten direnak, elkarrekin eta elkarrentzat eginak: gure festak dira, gure izaeraren eta bizimoduaren parte. Saninazioak familian, lagun artean eta kalean elkartuz gozatzeko festak dira, ohituraz, eta gaur egun bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta, arriskutsua da guzti hori", diote udalak eta eragileek. Horregatik uste dute "zentzudunena" dela aurten festarik ez antolatzea, "jende pilaketarik izan ez dadin".

Arduraz jokatzeko deia

Erabakia hartuta, "azpeitiar guztiei" dei egin diete arduraz jokatzeko, adostasunez hartu duten erabakiarekin bat egiteko eta "norbanako bakoitzak duen arduratik jende pilaketarik ez gertatzeko neurri guztiak hartzeko".

"Pandemia hau hasi zenetik, azpeitiarrek erakutsi dute elkar zaintzeko konpromisoa dutela; eta horrela ari gara egoera honi aurre egiten, denon artean. Dena den, gogoan izan behar dugu koronabirusa ez dela desagertu, eta ezin dugula erlaxatu. Azken egun eta asteotako han-hemengo albisteek, gainera, oraindik argiago utzi dute egoeraren larritasuna eta gaixotasuna oraindik gure artean dagoela. Gure burua eta gure bizikideak zaintzen jarraitu behar dugu, egunero-egunero, etenik gabe. Arduraz jokatzea dagokigu horretarako, prebentzio neurri guztiak betez", gaineratu dute adierazpenean.

Festak "herritik eta herriarentzat" egiten direlako uste dute udalak eta eragileek aurten "saninazioak bertan behera lagatzea tokatzen" dela. "Herria zaintzeko neurri bat da hau", berretsi dute, datorren urteko saninazioak gogora ekarri aurretik: "Datorren urtean betiko ilusioarekin helduko zaie berriro, eta egutegian markatuta jarraituko dute urtero".