Urtea hasi zenetik 3,41 puntu jaitsi da hondakinen gaikako bilketa tasa Urola Erdian

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 8a, 14:13

Urola Erdiko Mankomunitatearen arabera, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurriek, hala nola konfinamenduak eta industria jarduera murrizteak, aldaketak eragin dituzte hondakinen fluxuetan, eta hondakinen gaikako bilketa tasa jaistea eragin dute.

Urola Erdiko Mankomunitateak gaur plazaratu ditu 2020ko lehen bost hilabeteetako hondakinen gaikako bilketa tasaren bilakaeraren inguruko datuak. Mankomunitateak azaldu duenez, 3,41 puntu jaitsi da gaikako bilketa tasa 2020an zehar Urola Erdian. Urteko lehen bost hilabeteetan, hondakinen %66,29 gaika bildu da (iaz %69,70), eta hondakinen %33,71 nahasian (iaz %30,30). 

Mankomunitateak azpimarratu duenez, gaikako bilketa tasan izandako murrizketa ez da izan Urola Erdiko herrietako biztanleek gaika sailkatzeari utzi diotelako. Mankomunitatearen arabera, pandemiak errefusa kopurua "haztea" eragin du: "Gaikako bilketa tasaren datuei erreparatuta, errefusa kopuruak martxoan eta apirilean izan du hazkunde handiena. Maiatzean itzuli da 2019ko datuen parera, datu erlatiboetan beti ere". COVID-19aren ondorioz industria jarduera murriztu izanak ere hondakinen fluxuetan eragin duela uste du mankomunitateak. "Industria arloan, aurtengo maiatzean iazko maiatzean baino %75 gutxiago bildu da gaika". Industriako datuei lotuta, Zestoan arreta berezia jarri dute. Izan ere, elikagaien sektore "garrantzitsua" dago han, eta sektore horrek konfinamendu garaian "errefusaren ekoizpen handia" izan duela jakinarazi du mankomunitateak. 

Hona hemen gaikako bilketa tasaren datuak herriz herri: 

Beraz, 2020ko lehen bost hilabeteetan gora egin du nahasian bildutako hondakinen tasak Urola Erdian; hondakinen %33,71 bildu da modu horretan. Hona hemen urtarriletik maiatzera bitartean frakzioka bildutako hondakinen inguruko xehetasunak: