Oztopo zirkuitua eta hondarrezko eskulturak egiteko tailerra antolatu ditu udalak aste honetarako

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 7a, 13:02

12 eta 16 urte arteko gaztetxoek ostiral goizean izango dute oztopo zirkuitua egiteko aukera Goenan, 10:00etatik 12:00etara. 16 urtetik gorako herritarrek, aldiz, ostiral arratsaldean. Hondarrezko eskulturen ikastaroa larunbatean eskainiko dute, goizean nahiz arratsaldean. Ekintzetan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute aurrez Azpeitia.eus atarian. 

Azpeitiko Udalak antolatutako udako ekintzen barruan, oztopo zirkuitua eta hondarrezko eskulturak egiten ikasteko tailerra izango dira aste honetan. Oztopo zirkuitua ostegunean eta ostiralean egingo dute, Goenan. Hondarrezko eskulturak egiten ikasteko tailerra, aldiz, larunbatean izango da.

Aurtengo udako ekintzetan parte hartzeko bi talde osatu dituzte: familia giroko ekintzen taldea eta Lehen Hezkuntzako haurren taldea. Bi talde horiek beteta daude, eta izen-ematea itxita dago. Dena den, aste honetarako prestatu dituzten ekintzetan parte hartzeko aukera eskainiko du udalak. Jarduera horietan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

12 eta 16 urte arteko gaztetxoek ostiralean, uztailak 10, izango dute Goenan muntatuko duten oztopo zirkuitua egiteko aukera, 10:00etatik 12:00etara. Bertan parte hartu nahi duten lagunek lotura honetan eman beharko dute izena.

Gainera, oztopo zirkutua 16 urtetik gorako herritar guztientzat irekitzea erabaki du udalak. 16 urtetik gorako herritarrek ostiral arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, izango dute Goenako zirkuituan parte hartzeko aukera. Jende pilaketak ekiditeko, ekintza horretan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, honako lotura honetan.

Larunbaterako, aldiz, hondarrezko eskulturak egiteko tailerra antolatu du udalak. Ikastarora animatzen direnek Andoni Bastarrikarekin hondarrezko eskulturak egiten ikasteko aukera izango dute, 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara, Betharrametako jolas-lekuko pilotalekuan. Hondarrezko eskulturak egiteko tailerrera joan nahi dutenek izena eman beharko dute, hemen.

Udalak antolatutako ekintzen helburua da haurrei eta familiei, gaztetxoei nahiz helduei, aisiaz herrian gozatzeko aukerak eskaintzea. Ekintzotan parte hartu nahi dutenek maskara erabili beharko dute.