'10 euro edo gehiago' kanpaina jarri du martxan Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 7a, 10:00
Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideak kanpainako aurkezpenean. (Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista)

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak adierazi du kanpaina berri honen bitartez "lan boluntarioa indartzea" eta "ekarpen materialak jasotzea" bermatu nahi duela, baliabide ekonomikoak jasotzeaz gain. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan gauzatuko dute kanpaina.

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak 10 euro edo gehiago kanpaina jarri du martxan Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Konfinamenduan elikagaiak eta bestelako produktuak biltzen aritu dira talde horretako kideak, baina langileen egoerak "okerrera" egin duela eta, kanpaina berri bat abian jartzea erabaki dute.

Proiektuaren eskari guztiei erantzuteko, "baliabide ekonomiko jarraituak" behar dituztela azpimarratu du taldeak; hori dela eta, herritarrei hilean hamar euro edo gehiagoko ekarpena egin dezaten eskatu diete: "Ikusten ez den errealitatearen larritasunaz jabetzeak soilik du elkartasuna eta konpromisoa antolatzeko eta elikatzeko potentzia. Gure proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea, hiru laguntza formetan: produktuak dohaintzan emanez, boluntario gisa lan indarra jarriaz edota ekarpen ekonomikoak eginez", azaldu dute Krisiaren Seme-alabak taldeko kideek.

Taldeak nabarmendu du 10 euro edo gehiago kanpaina ez dela "alde ekonomikora" mugatzen, eta beharrezkotzat jo dute lan boluntarioa indartzea eta elikagaiak eta bestelako produktuak jasotzen jarraitzea: "Orain arte egin dugun harreman sareak baieztatu digu oinarrizko beharrak asetzeak garapen etengabea eskatzen duela, bai kontzeptu aldetik, baita antolakuntza aldetik ere", azaldu dute. 

Ekarpena egin nahi duten herritarrek Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideekin harremanetan jarri beharko dute, 688 769 047 telefonora edo krisilehengaibankua@gmail.com helbidera mezu bat idatzita. Mezu horretan, izen-abizenak, kontu korronte zenbakia eta hilero egin nahi den ekarpenaren zenbatekoa zehaztu beharko dira.

Orain arteko datuak

Bestalde, sare sozialistako kideek elikagaien eta produktuen bankuak izandako eskaeraren datuak plazaratu ditu. Taldeak nabarmendu du orain arte ez dutela datu horien berririk eman, baina egoerak horretara bultzatu dituela: "Datuak ematea asistentzialismoa sustatzen duten erakundeek beren lana goraipatzeko egiten duten ariketa izan ohi da gehienetan. Hala ere, proiektuak hartu duen dimentsioa ikusita, egoeraren berri ematea ezinbestekoa iruditu zaigu".

Azpeititik, Azkoititik eta Zestoatik, guztira, 503 eskaera jaso dituztela azaldu dute sare sozialistako kideek, eta horietatik 232 direla hilero beraien zerbitzua jasotzen duten herritarrak: "503 pertsona oinarrizko produktuak eta elikagaiak eskuratzeko arazoak dituztenak. 503 bizipen eta istorio. 503 langile gizarte eredu honek baztertuak". Halere, taldeak nabarmendu du orain arte egindako "esfortzua" ez dela "nahikoa" duten eskaerari erantzuteko, eta "beharrak jarraitu" egiten duela. Horri erantzuteko asmoz jarri dute martxan azken egitasmoa.