Zerbitzu gehiago eta udako ordutegia, Udal Liburutegian

Gaurtik aurrera areto gehiago jarriko dituzte erabilgarri Azpeitiko Udal Liburutegian, eta zerbitzu gehiago ere ezarriko dituzte. Horrez gain, udako ordutegia izango da liburutegian iraila bitartean; astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara egongo da zabalik.

Azpeitiko Udal Liburutegian ari dira apurka-apurka konfinamendu aurreko egoerara itzultzen, eta gaurtik aurrera zerbitzu eta areto gehiago egongo dira erabilgarri. Hain zuzen ere, bertako ordenagailuak erabiltzeko aukera izango dute herritarrek hemendik aurrera, eta areto gehiagotan ikasi, irakurri edo lan egin ahal izango dute. Gainera, liburuak, filmak eta bestelako edukiak ere aurrez aurre kontsultatu ahal izango dira gaurtik aurrera.

Halere, orain arte bezala hainbat osasun eta segurtasun neurri bete beharko dira liburutegian: maskara erabili beharko da instalazioetan, erabiltzaileek eskuak garbitu beharko dituzte sarreran eta areto bakoitzean edukiera mugatua egongo da.

Bestalde, iraila bitartean udako ordutegia izango da liburutegian; astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldeetan eta asteburuetan itxita egongo da.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide