Agortu dira ‘Satiro’ antzezlanerako sarrerak

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 6a, 12:51
'Satiro' antzezlanaren estreinaldiko irudia.

Xanti Agirrezabalak sortutako obra da Satiro, eta uztailaren 12an eskainiko du antzezlana Soreasu antzokian.

Amaitu dira Xanti Agirrezabalak uztailaren 12an Soreasu antzokian eskainiko duen Satiro antzezlana ikusteko sarrera guztiak. Horrela jakinarazi du gaur Kulturaz kooperatibak.

Satiro ikustera joaten diren herritarrek Kulturazek ezarritako osasun eta segurtasun neurriak errespetatu beharko dituzte. Beraz, ikus-entzuleek musukoa jantzi beharko dute emanadian, eserita egon beharko dute eta erakundeek ezarritako pertsona kopuruari dagozkion mugak errespetatu beharko dituzte.

Iaz aurkeztu zuen Satiro obra Xanti Agirrezabalak Azpeitiko Euskal Herriko Antzerki Topaketetan, Sortzaile Berrien Zikloaren barruan. Dinamoa sormen gunean eskaini zuen estreinako emanaldia Agirrezabalak, eta orduan ere sarrera guztiak agortu ziren. Herritarrek harrera bikaina egin zioten aktore azpeitiarraren lanari. Izan ere, Satirok jaso zuen antzerki topaketetako ikusleen saria

Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak banatzen dituzten Sorkuntza Beketako bat jaso zuen Agirrezabalak Satiro lanaren sormen prozesua gauzatzeko; Matxalen de Pedro, Ione de la Cruz eta Ane Arenas izan zituen bidelagun.

Satiro antzezlanaren inguruan Xanti Agirrezabalari egindako elkarrizketa, hemen.