Iker Azkunek hamar aldiz segidan egin du bizikletan Azpeititik Erlorako joan-etorria

Nerea Uranga 2020ko uzt. 4a, 19:40

Lagunarteko erronka osatu eta gainditu dute gaur Iker Azkunek (Azpeitia, 1976) eta Ander Zubizarretak (Azkoitia, 1992). Azpeitiko Ikasberritik Erloko antenara arteko joan-etorria bizikletan hamar aldiz egiteko asmoz hasi dute erronka goizeko bostetan; Zubizarretak, ordea, 11 itzuli egin ditu. Jakes Uranga azkoitiarrak ere parte hartu du erronkan; honek, baina, zazpi aldizitzulia eginda utzi egin du.

Iker Azkune azpeitiarrak aspalditik zuen gogoa Everesting erako erronka bat egiteko: "Hau da Everesten garaieraren [8.848 metro] metroak bizikleta gainean egitea, toki batean hasi eta hara itzuliz. Azpeitiko Ikasberri paretik Erlora 900 metro daude, eta joan-etorri hori hamar aldiz egitea otu zitzaidan, 9.000 metro osatuz". Azkunek mendi bizikletako lasterketa luzeetan parte hartzen du, eta osasun krisiaren ondorioz horiek bertan behera utzi dituzte. Beraz, oraingoa une aproposa ikusi zuen erronka egiteko: "Bizikleta lasterketak egiten, konpetizioetan, ibiliko bagina ezingo genukeen erronka hau egin, ez genuke aukerarik izango". Ikasberritik Erlorako hamar joan-etorriko erronka egiteko hamahiru ordu pasatxo behar izan ditu Azkunek.

Gaur goizeko bostetan hasi dute bizikletako erronka Azpeitiko Ikasberri ikastolaren paretik Azkunek, Zubizarretak eta Urangak. Zubizarreta bere martxan ibili da, beste biei aurrea hartuta. Azkune eta Uranga batera ibili dira, zazpigarren itzulian Urangak utzi duen arte. "Seigarren joan-etorri egin dugunean bazkaltzeko hogei minutu hartu ditugu, horrez gain joan-etorri bakoitzean zerbait jateko denbora hartu dugu", azaldu du Azkunek. Ikasberritik Erloko anterainoko igoerak ordubete inguruan egin dituztela azaldu du azpeitiarrak, jaitsierak, berriz, ordu laurdenean edo.

Azken itzulia, hamargarrena, Zubizarretarekin batera egin du Azkunek. Azkoitiarrak, ordea, 11.a zuen joan-etorri hori. Zubizarretak Erloko antenarako igoera azkarrena 47 minutuan egin du: "Beste itzuliak 50 eta 56 minutu artean egin ditut". Erronka gisa jarritako hamar igoera-jaitsierak egiteko hamabi ordu behar izan ditu; "arratsaldeko bostetarako egin ditut", azaldu du Zubizarretak. 11. joan-etorria Azkunerekin batera egin du.

Erronka "gogorra" izan dela aitortu dute bukatu berritan Azkunek eta Zubizarretak, eta berriro ez luketela egingo. Hala ere, bizikletan ibiltzeko eguraldi paregabea izan dutela adierazi dute: "Goizean fresko egiten zuen, baina orokorrean bizikletan ibiltzeko eguraldi ederra egin digu". Bukatutakoan egindakoaren "oso gustura" azaldu dira bi txirrindulariak.