Jose Maria Gibertek Deustuko Unibertsitateko errektore kargua berritu du beste hiru urterako

Nerea Uranga 2020ko uzt. 3a, 16:24
Jose Maria Gibert Deustuko Unibertsitateko errektorea eta errektore taldekoak karguak berritzeko ekitaldian, atzo. (Deustuko Unibertsitatea)

Deustuko Unibertsitateko errektore kargua berritu du Jose Maria Gibertek (Azpeitia, 1962). Beste hiru urterako berritu du kargua, eta atzo, osteguna, egin zuten ekitaldia Deustuko Unibertsitatean bertan. Kargua hartzeko hitzartzean, jesuiten aita jenerala izandako Adolfo Nicolas zenaren legatuko pasarteak izan zituen gogoan Gibertek. Ekitaldi horretan, Juan Jose Etxeberriak (Abaltzisketa, 1966) Deustuko Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordetza agiria jaso zuen.

Jose Maria Gibert azpeitiarrak atzo, osteguna, hiru urterako berritu zuen Deustuko Unibertsitateko errektore kargua. Ekitaldi horretan hartu zituzten agiriak errektoreordeek; tartean, Juan Jose Etxeberriak Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreorde agiria jaso zuen.

Kargua berritzeko hitzartzean, unibertsitateak aurretik dituen erronkak azaltzeko, Gibertek jesuiten aita jenerala izandako Adolfo Nicolas zenaren legatuko pasarteak ekarri zituen gogora: "Unea ez da erraza, koronabirusaren krisiak gure bizimoduaren zati handi bat, lehen normal esaten geniona, astindu baitu”. Gibertek hitzaldian aipatutako eta banan-banan azaldutako hamabi esamoldeak hauek izan ziren: "Sakontasuna, sormena, unibertsaltasuna, biziberritze espirituala eta komunitarioa, instituzioen identitatea, bereizmena, mugak, kulturartekotasuna eta erlijioen arteko elkarrizketa, pobrezia, ekologia eta berradiskidetzea, gobernatzeko estiloa, gobernu egiturak, eta misio partekatua nahiz elkarlanekoa".

Giberten iritziz, unibertsitate edo goi mailako hezkuntza erakunde baten misiorik nagusienetakoa "munduaz egiten den irakurketari sakontasuna" ematea da: "Datuekin eta hipotesi kontrastatuekin lan egin eta arrazoiak eta arrazoi onargarriak formulatzea dira unibertsitateko bizitzaren parte. Eta horixe da egiten duguna, bilatzen duguna, irakasten duguna eta sustatzen duguna". Unibertsitateak prestakuntza ereduan sormena, berrikuntza eta arriskuak hartu behar dituela ere nabarmendu zuen azpeitiarrak; "sormena, hain zaila, unibertsitateri oso lotua den ekarpena da".