Ekonomia sustapenerako dirulaguntza lerro berri bat jarri du martxan udalak

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 3a, 12:46
Leire Goenaga, Nagore Alkorta eta Josu Labaka ekonomia sustapenerako dirulaguntzen aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Koronabirusa dela-eta egokitu egin ditu udalak ekonomia sustapenerako dirulaguntza lerroak; eta aurten, enpresetan langileen kontratazioa sustatzeko 75.000 euroko banatuko ditu. Horrez gain, lehen sektoreko eta merkataritzako jarduerak, industriakoak eta ekintzailetasunari lotutakoak finantzatuko ditu erakundeak. Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, "egoera berrira" egokitu dituzte laguntzak.

Beste urte batez, herriko ekonomia sustatzeko dirulaguntzak jarri ditu martxan Azpeitiko Udalak, eta lerro berri bat izango da aurten. Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, alarma egoera dela-eta luzatu egin dira administrazio epeak, baina dirulaguntza horiek datorren astetik aurrera eskatu ahal izango dira. Alkortak nabarmendu du dirulaguntzak "egoera berrietara" egokitu dituztela, eta handitu egin dutela diru partida: "Iazko aurrekontuarekin alderatuta, bikoiztu egin dugu ekonomia sustapenera bideratutako diru partida, eta udalaren helburu nagusia da inor atzean ez uztea". Alkortak azaldu duenez, Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin, baserritarrekin eta beste hainbat herritarrekin elkarlanean aritu dira dirulaguntza horien oinarriak zehazterakoan.

Guztira, lau dirulaguntza lerro izango dira: lehen sektoreko eta merkataritzako dirulaguntzak, industriara bideratutakoak, ekintzailetasuna sustatzeko laguntzak eta langileen kontrataziora bideratutakoak. Alkortak adierazi duenez, laugarren lerro berria martxan jarri dute COVID-19ak ekonomian izandako eragina leuntzeko. Izan ere, alkateak Azpeitiko langabezia datuak izan ditu hizpide dirulaguntzen aurkezpenean, eta une honetan, herriko langabezia tasa %9'9koa dela azpimarratu du —gizonezkoena %8 eta emakumezkoena %12'1—. Datozen hilabeteetan egoerak "okerrera" egin dezakeela jakitun ezarri dute langileen kontrataziora bideratutako dirulaguntza lerroa: "Une honetan 714 azpeitiar daude lanik gabe, eta kopuru horren atzean izen-abizenak dituzten herritarrak daude. Langile-sarea mantentzeko eta langileen lan baldintzak hobetzeko ezarri dugu langileen kontrataziora bideratutako dirulaguntza lerro berria".

Lau dirulaguntza lerroak

Leire Goenaga Ogasuneko batzordeburuak ekonomia sustapenerako dirulaguntzen xehetasunak eman ditu. Lehenengo dirulaguntza lerroa lehen sektoreko eta merkataritzako jarduera bultatzeko proiektuetara bideratuko dute. Guztira, 175.000 euroko aurrekontua izango du lerro horrek, eta besteak beste, sektore horietan egiten diren jarduerak finantzatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta sektore horietako langileen kontratazioa sustatzeko proiektuak diruz lagunduko dituzte. Horrez gain, koronabirusa dela-eta merkatariek ezarri behar izan dituzten prebentzio neurrientzako ere izango dira laguntzak.

Industriara, berriz, 160.000 euro bideratuko dituzte, eta industria arloko proiektu estrategikoak eta berritzaileak sustatzen dituzten proiektuak nahiz enplegua sortzeko eta mantentzeko inbertsioak finantzatuko ditu udalak. Goenagak nabarmendu duenez, lerro horren ideia nagusia herriko enpresa txiki eta ertainen proiektuak diruz laguntzea da. Digitalizazioaren, industria jarduera berrien, emakumeak industrian integratzearen eta energia berriztagarrien sustapenaren inguruko proiektuen egileek eskatu ahal izango dute dirulaguntza, besteak beste. Bestalde, ekintzailetasuna sustatzeko ekintzetara 65.000 euroko diru partida bideratuko dute, eta lerro horretan ekonomia sozialeko proiektuak eta izaera estrategikoa eta berritzailea dutenak finantzatuko dira. Hiru lerro horietarako dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren 30ean amaituko da.

Langileen kontrataziora bideratutako dirulaguntza lerroen eskaera epea, berriz, bi zatitan banatuko dute. Izan ere, Goenagak azaldu duenez, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak irailera luzatzearen ondorioz litekeena da datozen hilabeteetan enpresen beharra handitzea. Hori dela eta, bi epe zehaztu dituzte lerro horretako eskaerak egiteko: martxotik urrira bitarteko eskaerak urriaren 31an amaituko dira, eta bigarren zatiko eskaerak azaroaren 1etik abenduaren 31ra egin ahal izango dira. 75.000 euro bideratuko dituzte dirulaguntza lerro horretara, eta helburu nagusia langileen kontratazioa sustatzea eta lanpostuen kalitatea hobetzea izango da.

Lau lerro horietara, guztira, 475.000 euro bideratuko dituzte. Bestalde, Alkortak nabarmendu duenez, maiatzaren 23an onartu zuten Ekonomia Sustatzeko Plan Integrala, eta guztira, 1'7 milioi bideratu ditu udalak zeregin horretara. Lau dirulaguntza lerro horiekin plan hori "ia ehuneko ehunean" exekutatu dela azpimarratu du alkateak.