Zabalik dago garapen lankidetzarako eta gizarte zein gizarte osasungintza arloko dirulaguntzak eskatzeko epea

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 2a, 12:02

Garapen lankidetzarako 90.000 euroko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan udalak, eta gizarte eta gizarte osasungintzako elkarteentzat, berriz, 39.000 euroko beste bat. Dirulaguntza eskaerak egiteko epea uztailaren 14an eta 16an bukatuko da, hurrenez hurren.

Azpeitiko Udalak bi dirulaguntza lerro jarri ditu martxan aste honetan. Batetik, garapen lankidetzara 90.000 euro bideratuko ditu, lankidetza garatuko den komunitateen eta herrialdeen baliabideak —oinarrizko azpiegiturak, ekipo ondasunak, ondasun materialak...— hobetzeko helburuarekin. Herri horien finantza ahalmena hobetzeko arloak garatzea ere izango da laguntza horren xedea; arlo horien barruan daude, besteak beste, oinarrizko ekoizpena, gizarte zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, kudeaketa kooperatiboa nahiz mikroenpresen sorrera.

Dirulaguntza hori honakoek eska dezakete:

  • Irabazi asmorik gabeko Gobernuz Kanpoko Erakundeek, haien jarduerak bat datozenean deialdi honen xedearekin, eta Azpeitian helbidea edo/eta jarduera garatzen dutenek.
  • Azpeitian jaio edo bizi diren pertsonek, beren jarduerak Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) edo/eta kongregazio baten bidez egiten dituztenean eta jarduera horiek bat datozenean deialdi honen xedearekin.
  • Gutxienez 10 urtean Azpeitian erroldatuta dauden pertsonek, lehenengo aldiz baldin badoaz lan egitera GKE batekin osasun, hezkuntza edota gizarte zerbitzuetako arloren batean, gutxienez 4 hilabete jarraiko epealdian, Erasmus programatik kanpo. Dirulaguntza horiek garraioa eta mantenua ordaintzeko izango dira. Laguntza horiek behin bakarrik emango dira.

Honako lotura honetan irakur daitezke dirulaguntza horien oinarriak, eta honako honetan deialdiaren xehetasunak. Dirulaguntza horiek eskatzeko epea uztailaren 14an amaituko da, eta eskaera orri hau aurkeztu beharko da udaletxean edo telematikoki.

Bestalde, gizarte eta gizarte osasungintzako elkarteentzat 39.000 euroko dirulaguntza bideratuko du udalak. Laguntza horren bitartez, honako ekintzak finantzatuko dira: elkarteen ohiko jarduerak, hitzaldiak, aisialdiko jarduerak, sustapen, sentsibilizazio, prestakuntza, informazio eta zabalkundeko jarduerak, elkarte horien jarduerarekin zerikusia duten material eta baliabideen prestaketa eta beste hainbat.

Honako lotura honetan irakur daitezke dirulaguntza horien oinarriak —udalak dirulaguntzaren oinarriak aldatu zituen, eta lotura honetan kontsulta daitezke aldaketa horiek—, eta honako honetan, berriz, deialdiaren xehetasun guztiak. Uztailaren 16an amaituko da dirulaguntza horiek eskatzeko epea, eta eskaera orria udaletxean aurkeztu beharko da egun hori baino lehen edo eskaera telematikoa egin udalaren webgunean.