Uda ostean hasiko dituzte anbulatorioko zubiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 2a, 13:13
Uda ostean hasiko dituzte anbulatoio ondoko zubiko obrak. (Azpeitiko Udala)

Bi fasetan egingo dituzte zubiaren malda leuntzeko obrak eta lehen fasea esleitu du dagoeneko udalak. Anbulatorio aldeko zatia berrituko dute hasierako fase horretan, eta 1766ko Matxinada kale aldeko lanak egingo dituzte bigarren fasean.

Anbulatorio ondoko zubiaren irisgarritasun arazoak konpontzeko lanen lehen fasea esleitu du Azpeitiko Udalak. Bi fasetan egingo dituzte Jose Artetxe eta 1766ko Matxinada kaleak lotzen dituen zubia egokitzeko lanak, eta uda ostean hasiko dituzte esleitu berri duten lehen faseari dagozkionak. Anbulatorio aldean egingo dituzte lan horiek. 97.596 euroko aurrekontua izango du lehen faseak; udalak jakinarazi duenez, hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora eta Art eraikuntza enpresari esleitu diote proiektua.

Anbulatorio atzeko zubiaren eta inguruaren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea da egingo dituzten lanen helburua. Zubi horrek duen malda pikoa malgutzea izango da, hain zuzen ere, lanik esanguratsuena, nahiz eta zubiaren oinarrizko egitura ezingo duten aldatu. "Inguruaren uholde arriskua dela eta, Urakek ez du zubian aldaketarik egiten uzten; beraz, oinarria aldatu gabe, inguruaren urbanizazioa moldatuz, malda leunduko da", azaldu du udalak.

Zubia moldatzeko gauzatuko duten proiektua "urteetako eskaera bati erantzuna emateko asmoz" egin dutela adierazi du Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziak. "Zubiaren oinarria ezin dugu aldatu, eta ingurua egokituz herritar guztientzako moduko zubia izatea nahi dugu. Gaur egun zubi hori ez da guztientzat erabilgarria eta hori aldatzeko egingo dugu obra. Herritarren eguneroko irisgarritasuna hobetuz ere bizi kalitatean eragitea da helburua", gaineratu du Bereziartuak.

Lehen fasea bukatutakoan ekingo diote bigarrenari, 1766ko Matxinada kale aldeko lanak egiteko. Alde horretako zubiaren lanekin batera, kale horretan ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko lanak ere egingo dituztela aurreratu du udalak.