Zu zeu

Ruben Aznal: "Dudarik gabe, Marvel unibertsoko marrazki bizidunak ditut gustukoen"

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 6a, 11:01
Aznal Kalifornian, 'Game of Thrones'-en tronuan.

Marrazki bizidun, komiki, film eta manga telesailen zalea da. Horietako pertsonaien figuratxoen bilduma du etxean, eta horretaz aritu da solasean Maialen Etxaniz kazetariarekin 2020ko ekaineko Uztarria aldizkariaren Zu zeu ataleko elkarrizketan.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Txikitatik gustatu izan zaizkit marrazki bizidunak, umetan orduak pasatzen nituen horiek ikusten. Bereziki, marrazki japoniarrak nituen atsegin; Oliver eta Benji nahiz Dragoi Bola nituen gustukoen. Geroago egin zen ezaguna Pokemon, eta horrek ere izan zuen eragina nigan. Oraindik ere gustatzen zait Pokemonen bideojokoetan jokatzea.

Zein motatako edukiak kontsumitu izan dituzu?

Batez ere, marrazki bizidunak eta filmak. Txikitan, Batman eta Superman filmen bertsio zaharrak ikusten nituen, eta pentsatzen dut horrek izango zuela zerikusia zaletasuna garatzerakoan. Komikienganako zaletasuna beranduagokoa da, nahiz eta irakurtzea beti gustatu zaidan.

Figuratxoak kolekzionatzen dituzu. Nolatan hasi zinen horretan?

Nahi gabeko zerbait izan zen. Marvelen bilduma batekin hasi zen dena, eta pixka bat damutu ere egin naiz. Izan ere, bukaerarik ez duten bildumak dira. Bildumena negozio tranpatia dela iruditzen zait.

Zer kolekzionatzen duzu zehazki?

Hainbat marrazki bizidunetako pertsonaien figurak, hala nola Dragoi Bolakoenak, One Piece-ekoak... Batez ere, Marvel unibertsoko istorioetako pertsonaienak ditut. Kolekzionatzeko egindako figuratxoak dira.

Nola osatu duzu kolekzioa?

Aurreztu, erosi, eta berriro aurreztuta. Hala ere, azken urtebetean ez dut bat bera ere erosi, baina azken hilabeteetan bi figuratxo oparitu dizkidate. Horietako bakoitzak 40 euro balio ditzake, eta badira 500 eta 1.000 eurokoak ere. Noski, horietakorik ez dut.

Zer da mundu horretatik gehien gustatzen zaizuna?

Dudarik gabe, Marvelen narrazioak edo kontakizunak, hau da, istorioak. Ikus-entzunezkoetan zaila egiten zait bat aukeratzea, baina Batman edo Matrix esango nituzke. Star Wars ere ikaragarria da. Dena den, bada Marvelena ez den eta izugarri gustatzen zaidan komiki bat: The Boys. Ez ditu ohikoak eta famatuak diren heroiak erakusten, eta berezia da oso. Amazonek istorio horren telesaila egin zuen iaz.