Esklabetan alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko ia 6,5 milioi euroko inbertsioa onartu du Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2020ko uzt. 1a, 12:30

Datozen hilabeteetan lizitatuko eta esleituko dituzte lanak, eta, Jaurlaritzaren aurreikuspenak betetzen badira, datorren urtearen hasieran ekingo diete eraikuntza lanei. Eskuin hegala berritu egingo dute, alokairu sozialeko 48 etxebizitza egingo dituzte eta ingurua urbanizatuko dute. Behin Jaurlaritzak dirua bideratuta, proiektua abian dela nabarmendu du Nagore Alkorta alkateak.

Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko proiektuari bultzada garrantzitsua eman dio Eusko Jaurlaritzak, lanak finantzatzeko ia 6,5 milioi euroko inbertsioa egitea onartu baitu. Dirua bideratuta, "proiektua abian" dela esan du Nagore Alkorta alkateak, alegia, "proiektu izatetik exekuzio fasera pasatu dela". Datozen hilabeteetan lizitatuko eta esleituko dituzte lanak, eta, Jaurlaritzaren aurreikuspenak betetzen badira, datorren urtearen hasieran ekingo diete lan horiek gauzatzeari.  

Eusko Jaurlaritzak atzoko Gobernu Kontseiluan hartu zuen erabakia, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari 22 milioi eurotik gorako inbertsioa egiteko baimena ematea onartuta. Diru horrekin hiru proiektu finantzatuko ditu, eta horietako bat izango da Azpeitikoa. Hain zuzen ere, 6.472.859 euroko aurrekontua izango dute Esklabetan egingo dituzte lanek. Eraikinak berak ondare balio handia duenez, eskuin hegala berritu egingo dute, alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikiko dituzte eta ingurua urbanizatu egingo dute.

Azpeitiko Udala 2014an hasi zen Esklabak edukiz betetzeko aukerak aztertzen, eta 2017ko urrian jakinarazi zuen alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea adostu zuela Eusko Jaurlaritzarekin. Handik hilabete gutxira, 2018ko otsailean, akordio hori gauzatzeko hitzarmena sinatu zuten Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta orduko alkate Eneko Etxeberriak. Esklaben komentua udalarena da, eta proiektua gauzatzeko beharrezkoa den zatia Jaurlaritzari ematea onartu zuen, hark etxebizitzak egin eta Alokabideren bidez kudeatzeko.

Bereziki herriko gazteei zuzendutako 40 metro koadro inguruko 45 bat bizitoki egingo zituztela iragarri zuten orduan; emantzipatzea errazteko alokairu merkeko apartamentu txikiak, gehienez bost urtez bizitzeko. Proiektuak 3,6 milioi eurotik gorakoa aurrekontua izango zuela aurreratu zuten eta, aurrikusitako epeak betetzera, 2019an hasiko zituztela lanak.

2019ko martxoan, proiektuaren inguruko xehetasun gehiago plazaratu zituen Azpeitiko Udalak. Zehaztu zuen 48 etxebizitza izango direla, 30 eta 50 metro koadro artekoak; horietatik 31 logela batekoak, eta hamazazpi bi logelatakoak. Berez gazteei emantzipatzen laguntzeko etxebizitzak izatea aurreikusi arren, herriko behar sozialei erantzuteko erabili ahal izateko aukera aztertzen ari zirela ere adierazi zuen, eta sarrera baldintzak eta alokairuen prezioen baremoak zehazten ari zirela.

Udalak orduan adierazi zuenaren arabera, exekuzio proiektua "oso aurreratuta" zuten, tramiteak "ondo bidean" zihoazen, eta, "bestelako arazorik ezean", obrekin irailean hasteko asmoa zuten. Obra horiek eraikinean nola eragingo zuten ere azaldu zuen; alegia, etxebizitzak eskuin hegalean egingo dituzten arren, eraikuntza lanek Esklabetako eraikin osoan —eskuin zein ezker aldean— eragingo dutela, eta horrenbestez, eraikinari ematen zaizkion hainbat erabilera "bertan behera" geldituko direla. Ordutik urtebetete baino gehiago igaro da, baina ez da proiektuaren inguruan berririk izan, atzora arte.

Alkortak adierazi du denbora askoko lanaren emaitza dela Esklabetan etxebizitzak egiteko proiektua, eta azken hilabeteotan udalak "bereziki indar handia" egin duela proiektua bideratzeko. Horregatik, oso garrantzitsutzat jo du sei milioi euroko inbertsioa lortu izana. Esklabetako proiektua udalaren etxebizitza politika indartzera datorrela nabarmendu du, gainera, "herritarren etxebizitza beharrari erantzuteko eta babes publikoko etxebizitzen eskaintza zabaltzeko" balioko duelako.