Herriko ahots gazteek beteko dute Sanagustineko arkupea ostiralean

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 2a, 12:43
Ostiralean kontzertua emango duen boskotea.

Deñe, Eider, Aielen, Alaitz eta Olatz musika eskolako ikasleek emango dute Arkupehotsak egitasmoaren itzulerako kontzertua, 19:00etan hasita.

Orkatzen 27. urteurreneko ekitaldiak bukatuta, Arkupehotsak egitasmoa da Azpeitiko kultur agenda berreskuratu berrian lekukoa hartuko duena. Etzi, ostirala, itzuliko da Sanagustik kulturguneko arkupera Kulturaz kooperatibak hainbat eragilerekin elkarlanean sortzaile berriei bide emateko sortutako egitasmoa; eta herriko ahots gazteak izango dira Arkupehotsaken itzulerako kontzertuan protagonista.

Hain zuzen ere, Juan Antxieta musika eskolako bost ikaslek hartuko dute arkupea. Azkenaldian nabarmendu den Deñe, Eider, Aielen, Alaitz eta Olatz dira beren musika eta abestiak eskainiko dituzten gazteak.

19:00etan hasiko da ostiraleko kontzertua. Sarrera doan da, baina azkenaldiko eta aurrerantzeko emanaldi guztietan bezala, COVID-19a dela-eta hainbat neurri bete beharko dituzte ikus-entzuleek; besteak beste, musukoak jantzita eta eserita jarraitu beharko dute emanaldia.