Koronabirusa Azpeitian

Datorren astelehenean irekiko dute estali gabeko igerilekua

Uztarria.eus 2020ko eka. 30a, 17:16

Egunean bi txanda egingo dituzte, 11:00etatik 14:30etara bata eta 15:00etatik 20:00etara bestea. Txanda bakoitzean, gehienez, 150 pertsona sartu ahal izango dira, eta beharrezkoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Udalaren webgunea egokituko dute horretarako, eta ostiraletik aurrera hartu ahal izango da ordua. Herritar bakoitzak, gehienez, astean bi alditan joateko aukera izango du. Aniztasun funtzionala duten herritarrek ez dute aurrez txandarik hartu beharko.

Azken egunotan herrian bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu du udalak: datorren astelehenean, uztailak 6, zabalduko dute estali gabeko igerilekua. Erakundeak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, egoera etenik gabe aldatzen ari da, eta duela hamabost egun ezinezkotzat jo zutena egiteko modua ikusi dute orain, Eusko Jaurlaritzak normaltasun berrirako neurriak zehaztu dituenean. Herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko beharrezko neurri guztiak hartuta irekiko dute igerilekua, eta erabiltzaileek ezinbestean bete beharreko araudia ere prestatu dute.

Eguna bi txandatan banatuko dute: goizeko txanda 11:00etatik 14:30etara artekoa izango da, eta 15:00etatik 20:00etara artekoa izango da arratsaldekoa. Eguerdian, berriz, itxi egingo dute igerilekua, desinfektatzeko. Txanda horietako bakoitzean, gehienez, 150 lagun sartu ahalko dira igerilekura, eta derrigorrezkoa izango da aurretik hitzordua hartuta joatea. Aniztasun funtzionala duten herritarrak izango dira aurrez hitzordua hartu gabe igerilekua erabili ahal izango duten bakarrak. Herritarrek www.azpeitia.eus webgunean hartu beharko dute hitzordua, eta ostiraletik aurrera izango dute horretarako aukera. Herritar bakoitzak astean, gehienez, bi txandatan joan ahal izango du estali gabeko igerilekura.

Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak azaldu duenez, erabiltzaile guztiei zerbitzu egokia ematea da Azpeitiko Udalaren helburua, eta horretarako modua ikusi dutenean hartu dute igerilekua zabaltzeko erabakia. Haren esanetan, duela bi aste ez zegoen horretarako aukerarik. "Kanpoko igerilekuaren berezitasunetako bat duen espazioa da, bereziki berdegunea oso mugatua baita. Horri mantendu beharreko segurtasun distantziak gehituz gero, sartu daitekeen jende kopurua asko mugatzen da". Hain zuzen ere, duela bi aste indarrean ziren baldintzetan, 80 lagunek bakarrik sartu ahal izango zuketen estali gabeko igerilekuaren eremura.

Ekainaren 19an Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen dekretuak zehazten dituen protokoloek, ordea, herritarrei zerbitzu hobea emateko aukera utzi dio udalari, horien artean gehienezko edukiera 150 pertsonakoa izatea eta ur jauzi eta toboganak erabili ahal izatea. Horregatik berraztertu dute gaia eta erabaki dute igerilekua zabaltzea. "Gure helburua kirol instalazio guztiak martxan jartzea izan da hasieratik, baina exijitzen zizkiguten prebentzio neurriak oso zorrotzak ziren. Protokolo berria aztertzean ikusi genuen igerilekua bere osotasunean erabiltzeko aukera eskaini genezakeela". Hori dela eta, astelehenean aipatutako baldintzetan zabalduko dute igerilekua: "Gure asmoa da neurriak leuntzen doazen heinean, igerilekuko erabilera baldintzak errealitatera egokitzen joatea". Erabiltzaileei eta herritarrei "pazientzia" eskatu nahi die Arrutik: "Ezohiko egoera da guztiontzat, eta guztion artean, norberaren osasuna eta herritarrena lehenetsiz egin behar dugu aurrera".

Txorroak ere zabalik

Estali gabeko igerilekuaz gain, Izarraizko Atea parkeko ur txorrotadak ere astelehenean irekiko ditu udalak. Txorroen erabilera ere protokolo berrira egokitu behar izan dute, eta han ere prebentzio neurri eta erabilera arauak ezarriko dituzte. Txorroetarako sarrera mugatuta egongo da, eta erabiltzaileek hamar minutuko txandak egin beharko dituzte. Udalak arduraz jokatzeko eskaera egin die herritarrei.