Arreta soziosanitario ikastaroa egin nahi dutenekin bilera egingo du udalak astelehenean

Uztarria.eus 2020ko eka. 29a, 17:35

Irailaren bukaeran hasita eskainiko du ikastaroa udalak. Asteleheneko bilkura ikastaroaz hitz egiteko eta parte hartu nahi dutenen oinarrizko ikasketen inguruko froga egiteko baliatuko dute. Saiora joateko aurrez izena eman behar da 688 84 51 18 telefonora deituta.

Arreta soziosanitario titulua eskuratzeko ikastaroa eskainiko du udalak datorren irailetik aurrera. Ez da ikastaro hori herrian antolatuko duten lehen aldia izango, baina aurtengo edizioak hainbat aldaketa izango du; izan ere, udalak azaldu duenez, herrian zaintza lanetan aritzen den hainbat lagunek "zailtasunak" izan dituzte ikastaroaren ordutegiak eta erritmoa lanarekin uztartzeko. Horrenbestez, bizpahiru orduko saioak eskainiko dituzte aurrerantzean egunero –lehen bost ordukoak izan ohi ziren–, eta ikastaroa gauzatzen dutenek zaintza lanetarako ezinbestekoa den titulua eskuratuko dute.

Irailaren bukaeran hasiko dira saioak, baina ikastaroaren gaineko azalpenak emateko eta izena eman nahi duten herritarrek oinarrizko ikasketak ba al dituzten ziurtatzeko bilerak deitu ditu udalak. Hain zuzen ere, astelehenean, uztailak 6, izango dira bilkurak. Profesionaltasun ziurtagiriaren inguruko xehetasunak emateaz gain, ikasketa maila frogatzeko azterketa txiki bat egingo diete bilerara joaten direnei. Gutxieneko mailarik erakusten ez dutenei profesionaltasun ziurtagiria ateratzeko ikastaroan hasteko aurre-prestakuntza eskainiko diete.

Saio bat baino gehiago egingo dituzte jende pilaketak saihesteko, eta bertaratu nahi dutenek 688 84 51 18 telefono zenbakira deitu beharko dute izena emateko. Horiei udalak jakinaraziko die zer ordutako saiora joan behar duten, eta ezinbestekoa izango da bilerara maskara eta boligrafoa norberak eramatea. Ostirala izango da izena emateko azken eguna.

Langabeziari aurre egiteko, formazioa da udalaren apustu nagusia. Hala azaldu du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak: "Bide horretan, formaziorako aukerak eskaintzen ditugu herrian. Zaintza lanetarako arreta soziosanitario ziurtagiria eskainita, zaintza lanetan aritzen direnen profesionalizazioa bultzatu nahi dugu. Lan horiek duintzeko esfortzua egiten dugu".