Urola ibaiaren ur-masak egoera ekologiko eta kimiko "ona" duela jakinarazi du Ura agentziak

Uztarria.eus 2020ko eka. 29a, 14:47
Urola ibaia Enparan dorretxearen parean.

Urola ibaiaren Zumaiako hiru estazio estuarikoen eta trantsizioko uren datuak argitaratu ditu Ura agentziak, eta hango egoera ekologikoa zein kimikoa "ona" dela azaldu du. Besteak beste, Gipuzkoa eta Bizkaiko ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak zein hezeguneak aztertu ditu agentziak.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko hamalau estuarioren egoera aztertu du Ura agentziak, eta horietako bederatzik eta kostaldeko lau ur-masek "egoera ekologiko eta kimiko ona" lortu dutela azaldu du. Urolako ur-masan hiru estazio estuariko daude, eta horien egoera ekologikoa eta kimikoa "ona" da agentziaren arabera. 2014tik 2019ra bitarteko datuak argitaratu ditu Ura agentziak, eta urte guzti horietan Urola ibaiaren estuarioaren egoera ona izan dela eta ingurumen helburuak bete egin direla azaldu du. Dena den, izan da salbuespen bat: 2014. urtea. Agentziaren arabera, Urola ibaiko egoera kimikoak kutsadura balio altuak izan zituen une batzuetan urte hartan.

Uraren egoera ekologikoak azaleko uren (ibaia, estuarioak, hezeguneak...) zein ur-ekosistemen egituraren eta funtzionamenduaren kalitatea adierazten du, eta Ura agentziak ur-masen jarraipen programa egin du. Programa horren barruan, besteak beste, ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak, lakuak eta hezeguneak aztertu ditu agentziak, baita lurpeko uren eta eremu babestuak ere, eta estuario guztien egoera biltzen duen txostena argitaratu du. Ura agentziaren arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko eta trantsizioko ur-masek "hobekuntza handia" izan dute 1995. urtetik hona, eta hori, arroetako, estuarioetako nahiz kostaldeko eremuetako "saneamendu neurrien ondorioz" gertatu dela nabarmendu dute.