Orduen zaindaria

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 5a, 11:54
Joxe Mari Aizpuru 'Atia', erlojuaren makineria olioztatzen. (Mailo OIarzabal)

Egunak joan eta etorri, orduak zuzen eman eta kanpaiak joarazten ditu Urrestillako elizako erlojuak. Joxe Mari Aizpururena da ardura, eta harekin hitz egin du Mailo Oiarzabal kazetariak 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian Atzera begira atalerako erreportaje hau osatzeko.

Aurten beteko ditu 115 urte Urrestillako elizako erlojuak. 1905ekoa da Benito Yeregiren eta semeen Usurbilgo (Gipuzkoa) lantokian egindako ordularia: erlojuan bertan irakur daiteke egileen nortasuna, Benito Yeregui e Hijos idatzia duen plakan. Kanpandorrearen erdi-erdian jarri zuten erlojua bere garaian eta hantxe dirau, egitura itxi baten barruan gordeta.

Urte hauetan guztietan elizako ordulariak gorabehera aipagarririk ez duela izan dio Joxe Mari Aizpuru Atiak (Urrestilla, 1949); bera da azken urteetan zuzen eta zehatz funtziona dezan bete beharreko lanak egiten dituena. Erloju txintxoa da, beraz, yeregitarrek egindakoa. "Konponketa ezohikorik edo handirik ez du behar izan. Ardatz denak kojineteetan dauzka, errodamendu bakar bat ere ez dauka. Kojineteak brontzezkoak ditu", azaldu du Aizpuruk. Pisuak jasotzera igotzen den bakoitzean kojinete horiek olioztatzea da erlojuzainak egiten duen beste lana; hori eta ohiko gainerako mantenimendu lanak berak egiten ditu. Eguraldiaren arabera, "pendulua luzatu edo moztu" egin daitekeela azaldu du, eta gorabehera horiek erlojua atzeratzea edo aurreratzea ekartzen dute; horrelako xehetasunak ere zaindu eta konpondu behar izaten ditu Aizpuruk, kanpandorreko erlojuak orduak zuzen eman ditzan. Dena den, alde horretatik ere erlojuak "gorabehera handirik ez" duela izaten dio, "astean hamar bat segundoren gorabeheran ibiltzen da". Gainerakoan, urteen joanean ezinbestekoa den elementuen higadura kenduta, ez dio aparteko lanik ematen erlojuaren makineriak. Duela urte batzuk, lanetik erretiroa hartu zuenean, garbiketa sakona eman ziola ekarri du gogora, hori bai, "lokatz eginda" zegoelako.

Mendebete pasako bizitzan aldaketa aipagarririk ez diote egin erlojuaren makineriari. Horrela kontatu du Aizpuruk: "Dena da mekanikoa, orijinala jarri zutenean bezala mantentzen da. Gehituta duen berrikuntza bakarra da pisuak jasotzeko sistema". Erlojuan bertan biradera bati eskuz eraginda jaso behar izaten zituzten lehen pisuak, erlojuari oreka ematen diotenak, baina elektrizitatea baliatzen dute orain pisuen igoera martxan jartzeko. Beste hainbat elizetako erlojuekin alderatuta Urrestillakoak "zortea" duela uste du Aizpuruk, egitura itxi baten barruan dagoelako. "Kanpandorre askotan, librean daude erlojuak, eta horrek zaildu egiten du ondo kontserbatzea".

Semeak aitari

120 eskailera mailatik gora daude Urrestillako kanpandorrearen puntara igotzeko, eta gutxienez astean behin zapaltzen ditu horiek Aizpuruk, erlojuaren pisuak jasotzeko eta makinak ordua zuzen eta puntual ematen jarrai dezan. "Gutxi gorabehera, astebete-zortzi bat egun irauten dute pisuek, baina astean behin jasotzen dira. Pisu txikiak ematen dio penduluari indarra, ez gelditzeko; eta handiak, berriz, orduetako eta ordu erdietako kanpaiak jotzen ditu".

Aizpururen gogoan, bera da joan den mende erdialdetik gaur arte erlojuak izan duen laugarren zaindaria. Aizpuru mutil koskorra zela, Donato Aristi zen elizako erlojuaren arduraduna. Parrokiako organista eta koruaren arduraduna ere bazen Aristi. Gogoan du Aizpuruk, tipleen abesbatzan kantatzen zuen urteetan, bera eta tiplekideak nola igotzen ziren kanpandorrera erlojuaren pisuak igotzera. "Igande arratsaldeko funtziora etortzen ginen, eta errosarioa errezatu beharrean, pisuak jasotzera igotzen ginen. Gainera, dirua ematen zigun trukean Donatok". Mikel Arrutik hartu zuen Aristiren lekukoa erlojuzain lanean, eta haren seme Aitorrek hartu zuen gero aitaren lekukoa. "Aitorrek katigatu zion eginkkizuna gure seme Mikeli. Mikel hasi zen, baina gero nik jarraitu diot". Aizpurutarren kasuan, beraz, semearengandik jaso du aitak erlojuzaintza. "Hamabost-hamasei bat urte izango dira bion artean egiten hasi ginela, eta azken hamabi bat urtean neu aritzen naiz".

Zapatuero igotzen da kanpandorrera, erlojuari asteroko eguneraketa egiteko. "Lanean ibiltzen nintzen garaian hartu nuen ohitura hori, eta horrela jarraitzen dut. Neuk ezin dudanetan, semeak egiten du, edo Otalastegiko Joxe Etxeberriak". Asteroko eginkizunaz gain, izaten ditu tarteko beste batzuk ere. Urtean bitan, ordu aldaketa tokatzen denetan, erlojua ordubete atzeratzea edo aurreratzea ere Aizpururi dagokio. "Lehenengo urteetan, fin-fin, goizeko ordubietan-eta etortzen nintzen, ordua aldatzera. Baina utzi nion horrela egiteari, horrela ezin zen. Azken urteetan, zapatuko meza irteten denean aldatu, eta bakea". Urrestillan oraindik eusten diote herrian norbait hiltzen denean heriotza horren berri emateko hil kanpaiak edo agonia jotzeko ohiturari, eta horrelakoetan ere Aizpuru da elizara joaten dena, kanpaia jotzera. Lehen, kanpandorreraino igo behar izaten zuen agonia kanpaia jotzeko. Orain, ordea, beste kanpai bati eraginez ematen dute heriotzen abisua, eta kanpai horri behetik eragiten zaio, dorrera igotzen ibili beharrik gabe.

Tabernak eta kanpaiak

Gustura eta mimoz zaintzen du Aizpuruk elizako erlojua. Gailua bera zein kanpandorreko eta elizako teilatu, teilatu azpi eta goikaldeko zirrikituak ondo baino hobeto ezagutzen ditu; baita kanpandorrerako bidean geratzen den koruarenak ere, umetan bezala gaur egun, han kantatzen baitu, koronabirusaren eraginez Urrestillako Parrokiako korua aspaldiko oporrik luzeenak hartuta ibili den arren.

70 urte ditu Aizpuruk, lanetik erretiroa hartu zuen, baina bigarren lanari uzteko asmorik ez du momentuz: "Gauza naizen bitartean etortzen jarraituko dut", erantzun du, erlojuzain jardunean lekukoa nork hartu ba al duen galdetutakoan. "Gero, ikusiko dugu. Beti egoten da konpromisoa hartzen duen bateren bat; gutxien uste duzuna, askotan. Izan ere, tabernarik gabeko herria eta kanpaiak geldirik dauden herria... malo, Seinale txarra da hori". Urrestillan, oraingoz, bietatik daukate, tabernak eta kanpai hotsak.

Zauriak

Umetan, kanpandorrea jolasleku ere bazen Aizpururen sasoiko umeentzat, "telebistarik ez zegoen eta...". Akordatzen da, 8 bat urte zituela, koskatik koskara harrapaketan zebiltzala jolaskide bat eskaileretara erori eta besoa nola hautsi zuen.

Ez dira horrenbeste urte basozain batek ere kanpandorrean min hartu zuela: "Hirukote bat etorri zitzaidan, elizetan-eta bizi diren hegaztien gainean ikerketa bat egiten ari zirela esanez, Kanpandorreko zuloetan hontzak egoten dira, eta horiek erakustera igo nintzen haiekin. Bat oso altua zen eta esan nion kontuz ibiltzeko hemengo bazterrekin. Gora zetorrela balantza egin, jo zuen buru ertzarekin kanpaia, eta egundoko ebakia egin zuen".