Uztailean berrekingo diote X. Erniarraitz bertso txapelketari

Koronabirusaren pandemia tarteko, bertan behera utzi zuten txapelketa, lehen saioa eginda. Uztailaren 17an jokatuko dute finala Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan. Jon Gurrutxaga, Oier Etxeberria, Imanol Albisu eta Iker Letamendia bertsolari azpeitiarrek parte hartuko dute bi kanporaketetan.

Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako bertsolari gazteen txapelketa bueltan da. Bi urtez behin antolatzen du Erniarraitzek bertsolari gazteen txapelketa, eta aurtengoa X. edizioa du. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa Errezilen jokatutako kanporaketarekin. Orduan Maider Arregi izan zen irabazlea, eta finalera zuzenean sailkatzea lortu zuen.

Konfinamenduaren ondorioz, ordea, beste bi kanporaketak eta finala jokatu gabe gelditu ziren martxoan. Orain, egungo egoerak ahalbidetzen duelako, bertsozale elkarteak txapelketa berrekitea erabaki du; Errezilen jokatutako lehen kanporaketa kontutan hartuko dute. Uztailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte falta diren bi kanporaketak.

Uztailaren 3an, ostirala, Azkoitiko Kultur Etxeko areto nagusian jokatuko dute kanporaketa, 22:00etan. Oier Etxeberria eta Imanol Albisu bertsolari azpeitiarrek, Julene Iturbek, Ane Zuazubiskarrek, Asier Galarza Muxi-k eta Markel Eizagirrek parte hartuko dute Azkoitiko saioan. Uztailaren 10ean, berriz, Zestoako Kultur Etxean jokatuko dute azken saioa. Jon Gurrutxaga eta Iker Letamendia bertsolari azpeitiarrek, Eli Pagolak, Irati Alcantarillak, Aroa Arrizubietak eta Mikel Iturriotzek jokatuko dute Zestoako kanporaketa. Finala, berriz, uztailaren 17an izango da Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan.

Hiru saioetarako sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, beti ere, aretoen edukieraren %60a bete arte. Segurtasun neurriak direla-eta, bertsozale elkarteak gogorarazi du entzuleek maskararekin egon beharko dute aretoetan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide