Agirrezabala, Matxin III.a eta Ion erremontistek e-Remonte Beti Euskal Jai enpresan jokatuko dute aurrerantzean

Uztarria.eus 2020ko eka. 24a, 17:35
Irudian, Matxin III.a.

Gaur aurkeztu dute e-Remonte Beti Euskal Jai enpresa nafarra. Oriamendi 2010 enpresa utzita, han jokatuko dute aurrerantzean hiru erremontista azpeitiarrek.

Igor Agirrezabala, Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Ion Etxeberria erremontista azpeitiarrak Nafarroako e-Remonte Beti Euskal Jai enpresa berriko pilotari berriak dira. Hain zuzen ere, gaur, asteazkena, aurkeztu dute enpresa. Hiru erremontistek amaituta zuten Oriamendi 2010 Galarretako (Hernani, Gipuzkoa) erremonte enpresan kontratua, eta aurrerantzean e-Remonte enpresan arituko dira.

Enpresaren aurkezpena egiteaz gain, 2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketa ere aurkeztu dute gaur Iruñeko Kondestable Jauregian, eta han parte hartuko dute Agirrezabalak, Matxin III.a eta Ion. Azken biek, gainera, elkarrekin osatuko dute bikotea. Agirrezabalak, berriz, Josetxo Ezkurra II.a izango du bikotekide.

Ostiralean 22:00etan hasiko da Agoitzen (Nafarroa) erremonte txapelketa. Agirrezabalak, Ezkurra II.arekin batera, Zeberio II.a eta Azpiroz izango dituzte aurkari. Larunbatean, berriz ere Agoitzen eta 22:00etan, Matxin III.ak eta Ionek osatutako bikote azpeitiarrak Uterga eta Garces izango ditu aurkari.

Uztaileko lehen bi ostiraletan eta larunbatetan jokatuko dituzte lehen faseko hurrengo partidak, guztiak Agoitzen. Uztailaren 16an eta 17an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte finalaurrekoak. Ligaxkan lehena gelditzen denak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarrenak hirugarrenaren aurka. Finala uztailaren 18an jokatuko dute, Labrit pilotalekuan.