Deñe Garcia-Bravo "gogotsu", Gaztea Maketa Lehiaketaren final handiaren atarian

Gaztea irratiak antolatutako 29. Maketa Lehiaketaren finala bihar izango da Donostiako Victoria Eugenian, 20:00etan hasita. Talde bat, bikote bat eta bi bakarlari iritsi dira finalera, eta "lehia estua" aurreikusten du urrestildarrak, "lautik hiruk antzerako musika estiloa" jorratzen dutelako. 

Biharkoa egun handia izango da Deñe Garcia-Bravo Urrestillako abeslariarentzat, horrenbeste itxarondako Gaztea Maketa Lehiaketaren finala jokatuko baitu. Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da finala, 20:00etan hasita, eta ekitaldiaren atarian "gogotsu eta urduri" dagoela aitortu du bakarlari gazteak. Jendaurrean abestu izan duen arren, tamaina horretako lehendabiziko ekitaldia izango da beretzat. "Herrian abestu izan dut, Soreasun eta Sanagustinen, baina Victoria Eugenia bezalako antzoki batean ariko naizen lehenengo aldia izango da eta horrek zirrara berezia eragiten dit".  

Lau artista edo musika talde lehiatuko dira biharko finalean; Deñe Garcia-Bravo eta Raitx bakarlariak eta Klermoon bikotea epaimahaiak aukeratuta iritsi dira, eta Kilimak musika taldea, berriz, entzuleen GazteBizHitza Saria irabazita. Lehiakideak zein izango dituen ikusita, "lehia estua" aurreikusten du urrestildarrak. "Beste urteetan finalera iristen ziren talde gehienak rock taldeak izaten ziren, baina aurten harrituta gelditu naiz bi bakarlari eta bikote bat iritsi garelako, eta, gainera, guztiok antzerako musika egiten dugu, musika lasaia". 

Dena dela, Garcia-Bravok badu bere buruarengan konfiantza eta finalean lan ona egiteko gai izango dela uste du. "Maiatzaren hasieran jakin nuen finalera iritsi nintzela, eta ordutik, ordu asko sartu ditut eta lan asko egin dut". Parte hartzaileetako bakoitzak hogei minutu izango ditu agertoki gainean, eta bakoitzak erabakiko du tarte horretan zer egin. Garcia-Bravok bost abesti joko ditu; lau pianoarekin lagunduta, eta bestea gitarrarekin. "Horietatik hiru dagoeneko Youtubera igota ditudanak dira, baina beste bi berriak izango dira, oraindik grabatu gabe ditudanak, eta bihar abestuko ditut jendaurrean lehendabiziko aldiz".

Finalista guztiek beren hogei minutuko saioa egiten dutenean, Xabi Bandinik, Xabi Doncelek eta Izaro Andresek osatutako epaimahaiak erabaki beharko du nor den 29. Maketa Lehiaketaren irabazlea, eta garaileak 5.000 euroko saria jasoko du.  

Biharko ekitaldia osasuna eta segurtasuna zaintzeko neurri bereziak hartuta egingo dute. Hori horrela, Victoria Eugeniara ohikoa baino jende gutxiago sartu ahal izango da. Ikus-entzuleek maskarak soinean sartu beharko dute antzokira eta finalistei ere hala egiteko eskatu diete.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide