Koronabirusa Azpeitian

Bestelako San Juan bezpera betiko zirrararekin, Urrestillan

Uztarria.eus 2020ko eka. 24a, 12:35

Urrestillan badira oraindik lizarra jartzen hasi baino lehen San Juan bezperan plazan makala altzatzen zutela gogoan dutenak. Zaharrenek ere, ordea, ez dute gogoan San Juan arbolarik gabeko ekainaren 23rik. Aurten, koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri duen bizimoduaren erdian, jakina zen festarik ezingo zela ospatu; baina 2020a, behintzat, ez da izango Urrestilla San Juan arbolarik gabe utzi zuen urtea. Bertako festa batzordeak eta Azpeitiko Udalak adostu bezala, lizarra sartu eta San Juan sua piztu zituzten atzo gauean Urrestillan, ohiko festa jendetsurik gabe, baina betiko zirrararekin.

Antolatzaileek eskatu bezala kaleak ia hutsik zirela, plazan sartu aurretik zuhaitzarekin egiten duten kalejira laburragoa izan da aurten; Errota aldeko eremutik jaso eta Kale Txikian behera eraman zuten zuhaitza plazaraino, balkoi eta leihoetan zain zeuden herritarren txalo eta animo oihuen artean. Arbola sorbaldetan eraman eta ondoren eskailerak eta sokak lagun zuhaitza plazan sartu zuten herritar guztiek maskara zeramaten soinean, ezohiko egoeraren erakusgarri eta lekuko bihurtu zen irudia utziz. Plazan, aparteko zailtasunik gabe lortu zuten lizarra altzatzea, txistularien San Juan zortzikoaren doinuek lagunduta; txalo zaparradak ez zuen beste urteetako dezibeliorik harrapatu, jende gutxiago zegoen-eta inguruan eskuak astintzeko. Arbolari adarretan urtero ezartzen dioten ikurrinari aurtengo ez-sanjuanak ospatzeko atera duten zapia gehitu zioten atzo. San Juan arbola sartuta, sua pizteko unea iritsi zen. Aurten plazan bertan prestatua zuten sua, arbolatik gertu, eta ez frontoi atarian. Suaren bueltako dantza jendetsuaren ordez, dantzari bakarra jarri zen garren aurrean, aurreskua eskaintzeko. Harentzako txaloekin bukatu ziren ezohiko San Juan bezperaren ekitaldiak, 23:30 aldera.

Lizarra eta haren puntako bi zapiak ostiral iluntzera arte egongo dira Urrestillako plazan. Orduan botako dute San Juan arbola, ekainaren 26an, Urrestillan ohi dutenez; baina sartzerakoan bezala, kaleetan jendea pilatu gabe egingo dute.

(Argazkiak: Maialen Badiola eta Uztarria)