Koronabirusa Azpeitian

Datorren astetik aurrera haur eta gaztetxoei zuzenduriko hainbat ekintza egingo dituzte

Uztarria.eus 2020ko eka. 23a, 17:38
Udal ordezkariak, herriko ikastetxeetako zuzendariak eta Gazteria Saileko kideak, aisialdiko ekintzen aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

Eusko Jaurlaritzaren protokoloa aztertu ostean, udalak herriko haur eta gaztetxoentzako hainbat ekintza antolatu ditu uztailerako. Bost astetan gauzatuko dira ekintza horiek, eta lehen ekintzak datorren astean egingo dituzte. Jarduera horietan parte hartu nahi dutenek saio bakoitzerako eman beharko dute izena.

Aurtengo udan udalekurik egongo ez bada ere, Azpeitiko Udalak herriko haur eta gaztetxoentzako hainbat ekintza antolatu ditu uztailerako. Eusko Jaurlaritzak protokolo bat zehaztu du asialdiko jarduerak osasuna eta segurtasuna bermatuta egin ahal izateko, eta jarraibide horiek kontuan hartuta antolatu dituzte ekintzak. Udalak adierazi duenez, jarduera horietan parte hartzen duten herritarrek "egoerara moldatzeko neurriak" hartu beharko dituzte.

Gaur, asteartea, haur eta gaztetxoen beharrei erantzuteko azken asteetan egindako lanketa aurkeztu dute udal ordezkariek, ikastetxeetako zuzendariek nahiz udaleko Gazteria Saileko teknikariek. Leire Goenaga udaleko Hezkuntza batzordeburuak azaldu duenez, "herritarren osasuna" lehenetsiko dute ekintzetan: "Ezarritako protokoloak beteko ditugu herritarron osasuna lehenetsiz, baina ezohiko egoera guzti honen erdian, haur, gazte eta familiek aisialdi hezitzaileaz gozatu eta beren behar sozialak eta afektiboak asetzeko ekintzak eskainiko ditugu".

Bost astetan eskainiko dituzte ekintzak, eta datorren astean hasiko dira lehenak. Adin-tarte bakoitzeko ekintza bana egingo dute: 4 eta 8 urte arteko haurrak dituztenek familiarekin egin ahal izango dute ekintza; 8 eta 12 urte nahiz 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek, adinaren araberako ekintzak egingo dituzte; eta azkenik, 16 eta 18 urte arteko gazteek Gaztelekuko hezitzaileekin adostuko dituzte egin nahi dituzten jarduerak zein diren, eta talde txikietan egingo dituzte ekintza horiek.

Izen-ematea

Ekintzetan parte hartu nahi duten herritarrek jarduera bakoitzean eman beharko dute izena. Aste honen bukaeran adieraziko du udalak zein jarduera egingo diren, eta orduan irekiko dute izen-emate epea. Sarean jarriko dute jardueretan izena emateko inprimakia, baina Gazte Informazio Bulegoan ere izango da horretarako aukera, 943-15 71 60 telefonora 10:00etatik 12:00etara bitartean deituta. Udalak adierazi duenez, ekintzetan ez dute parte-hartzaileen mugarik ezarriko, baina jardueraren batean jende askok izena ematen badu, txandak egingo dituzte jende pilaketak saihesteko.

Bete beharreko arauak

Hezkuntzako eragileek haur eta gaztetxoen beharrak zeintzuk diren identifikatu dituzte, eta behar guzti horiei erantzuteko zailtasunak medio, ekintzak antolatzea erabaki dute. Udalak adierazi duenez, hezitzaileen zein haur eta gaztetxoen osasuna eta segurtasuna bermatzeko "ezinbestekoa" izango da arduraz jokatzea eta hezitzaileen jarraibideei kasu egitea. Ekintzetan izena ematean haurren eta gaztetxoen gurasoek zein tutoreek ekintza horietan arduraz jokatzeko konpromisoa hartu beharko dutela azaldu du erakundeak.

Ekintzetara maskara jantzita joan beharko dute parte-hartzaileek, eta ekintzetan 1,5 metroko distantzia mantendu beharko dute elkarren artean. Jardueretarako maskara beharrezkoa izango ez bada ere, horiek erabiltzea gomendatu du udalak. Ekintzak hasi aurretik tenperatura hartuko zaio parte-hartzaile bakoitzari, eta guztiek eskuak garbitu beharko dituzte. Koronabirusaren sintomak izan ditzaketenek, berriz, etxean gelditu beharko dute.

Behar bereziei erantzuna

Alarma egoera dela eta, herriko hainbat haur eta gazte "aisialdi osasuntsurik gabe" daudela atzeman dute udalak eta herriko ikastetxeetako ordezkariek. Hori dela eta, udalak azaldu du kale hezitzaileen bidez behar hori duten haurrei "aisialdi hezitzailea" bermatuko dietela; hau da, familia bakoitzak haurren beharren araberako zerbitzua jasoko du, eta udalak kale hezitzaileak kontratatuko ditu horretarako.

Bestalde, ikasturtean zehar herriko haurren euskara maila hobetzeko Etorkizun programa eskaini ohi du Azpeitiko Udal Euskaltegiak. Udalak azaldu duenez, alarma egoerak iraun duen bitartean herriko hainbat umek euskararekin duten harremana "gutxitu" egin da; horrek beraien garapenean eragina izan dezakeela ikusita, aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskainiko zaie uztailean zehar. Astean pare bat aldiz euskaltegiko hezitzaileekin hainbat saio gauzatuko dituzte programa horretako kideek.

Zaintzarako dirulaguntza lerroa

Herritarren zaintza beharrak ere kontuan izan ditu udalak, eta gogorarazi du martxoan zaintzara bideratutako dirulaguntza lerro bat jarri zuela martxan. Horrez gain, hil honen hasieran zaintzarako kontratazioak egiteko beste lerro bat ere martxan jarri zuen erakundeak. Laguntza horren bidez, Eusko Jaurlaritzak lan-utzialdia edo lanaldi murrizketetarako laguntza osatu nahi izan du udalak. Laguntza hori eskatzeko epea zabalik dago jada, eta zaintzaileen kontratazioei %20ko eta %50eko laguntza emango die udalak, familien diru sarreren arabera.