Koronabirusa Azpeitian

Arbola sartu eta sua piztuko dituzte gaur Urrestillan, baina ikuslerik gabe

Iazko San Juan arbola, zutik.

San Juan festak bertan behera geldituta, ekitaldi "sinbolikoa" egitea adostu dute Urrestillako Festa Batzordeak eta Azpeitiko Udalak, eta dei egin diete herritarrei ez joateko: "Segurtasun neurriak betetzen ez badira, ezingo da ekitaldirik egin. Beraz, errespetatu arauak". 23:00etatik aurrera, ekitaldi horiek streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izango da Uztarria.eus-en.

Koromabirusaren kontrako neurriak direla eta, San Juan festarik ez dute ospatuko aurten Urrestillan, baina San Juan arbola zutik jarriko dute gaur, San Juan bezperarekin, baita sua piztu ere. Ekitaldi "sinboliko" horiek egitea adostu dute Urrestillako Festa Batzordeak eta Azpeitiko Udalak, eta horrela jakinarazi zuten atzo arratsaldean, Urrestillako etxe atari guztietan jarri zuten oharraren bidez.

Ohar horretan, dei garbia egin diete antolatzaileek herritarrei, ekitaldietara ez joateko eskatuz. "Ekitaldiak iraun bitartean ez hurbildu plazara, ezta ingurura ere, ezin da bertan egon", azpimarratu dute. Ahal dutenek etxeetako leiho eta balkoietatik ikusteko, eta gainerakoek streaming bidez egingo den emanaldia jarraitzeko gonbita egin du festa batzordeak. Hain zuzen ere, Uztarria-eus-en zein Erlo Telebistan ikusi ahal izango dira gaur gaueko arbola sartzea eta su piztea. Ohartarazpena egin du festa batzordeak: "Segurtasun neurriak betetzen ez badira, ezingo da ekitaldirik egin. Beraz, errespetatu arauak". 23:00etan sartuko dute San Juan arbola plazan, eta jarraian piztuko dute sua. Bi ekitaldi horiek egin ahal izateko ezinbestekoa den jendeak bakarrik parte hartuko du. Plaza eta ingurua itxi egingo dituzte; horregatik, herriaren erditik igaro behar dutenei 22:45ak baino lehen egitea eskatu diete antolatzaileek, ordutik ekitaldia amaitu arte ezingo baita pasatu plaza ingurutik.

Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak ere Urrestillako Festa Batzordearen oharrekin bat datorren mezua zabaldu nahi izan du, herritarrei "arduraz" jokatzeko eskaera berretsita: "Urrestillako Festa Batzordeak zerbait sinbolikoa egin nahi zuen, eta hainbat neurri hartuta, zerbait xumea egitea adostu dugu. Egingo diren ekintzak ezingo dira kaletik eta bertatik bertara bizi, inguru osoa itxita egongo delako. Beraz, herritarrei ardura eskatzen diegu. Ez da festarik izango eta herritarrei bertara ez joateko eskatu nahi diegu. Badakigu festa estimatuak direla Urrestillakoak, baina aurtengo ezohiko egoerak ez du beste ezer antolatzeko segurtasun bermerik eskaintzen. Mesedez eskatzen diegu herritarrei norbere zein komunitatearen osasuna zaintzeko arduraz jokatzeko".

Urrestillan, ekainaren 23an sartu eta ekainaren 26an botatzen dute San Juan arbola, eta aurten ere horrela egingo dute. Horrela, ostiraleko arbola botatzeko ekitaldia ere iragarri dute antolatzaileek, eta gaur gauerako egin dituzten eskaera berak errepikatu dituzte, 26koa ere jenderik gabeko ekitaldia izango delako.

Umeen marrazkiak uzteko kutxa

Beste dei bat ere egin dute gaurko Urrestillako Festa Batzordekoek. Azken egunetan Lurdesen dendatik jasotako marrazkiak margotu dituzten umeei marrazki horiek gaur bertan Gezurtokian egongo den kutxan uzteko eskatu diete, iaz egindako loreekin batera. "Gauean sua piztuko duena arduratuko da horiek San Juan sura botatzeaz", azaldu dute.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide