Eskerrik asko!

Anton Martinez Sarasuaren etxekoak 2020ko eka. 22a, 21:07

Joan den ostiralean hil zen Anton Martinez Sarasuaren etxekoek honako esker gutun hau bidali dute Uztarriara.

Ez da erraza hitzez azaltzea egun hauetan bizi izan duguna. Baina bai jaso duguna. Izugarria izan da gertatu zaiguna, baina izugarria izan da jaso duguna. Zenbat maitasun eta zenbat elkartasun! Zenbat herritar eta zenbat lagun!

Gaur lagun batek esan dit: "Hik ba al dakik zenbat lan egin zuen attek baratzean? Eta baratzean lan egiten duenak gero uzta jasotzen dik!". EGIYE.

Horregatik, eskerrik asko, mezu eta dei bakoitzagatik; eskerrik asko, gugana gerturatu zinetenoi; eta eskerrik asko, bertan egon nahi baina ezin izan zenutenoi.

Beti izango ditugu gogoan bere irribarrea, bere umorea eta, nola ez, bere ahots potentea, Erdikalean zegoela plazatik entzuten zena.

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.