Ogi artisaua gai hartuta iritsiko da Urola Gustagarri uztailaren 3an

Uztarria.eus 2020ko eka. 21a, 16:18

Aurtengo Urola Gustagarri egitasmoa desberdina izango da aurreko edizioetakoekin alderatuz gero. Solaka, Irure Txiki eta Mokoroa okinen azalpenak, Aitziber Aizpuru nutrizionistaren hitzaldia eta ogi artisauen dastaketa egingo dute 20:00etatik aurrera. Azoka Plazan egingo dute egitasmoa, baina streaming-ez ere jarraitu ahal izango da. Beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Urola Gustagarriren aurtengo edizioa uztailaren 3an, ostirala, izango da, baina izango du berrikuntzarik eta berezitasunik: ogi artisaua gai hartuta egingo dituzte saioak. Hain zuzen ere, ogi artisaua zer den, lehengaiak zeintzuk diren, ekoizpen prozesua nolakoa den, zer propietate dituen eta abar ezagutu ahal izango dute herritarrek Solaka, Irure Txiki eta Mokoroa okinen eskutik. Gainera, Aitziber Aizpuru nutrizionistak zuzeneko solasaldia eskainiko du, eta ondoren egingo den ogi dastaketa ere hark gidatuko du.

Azoka Plazan egingo dute egitasmoa 20:00etan hasita, eta Urola Gustagarriren sustatzaileek streaming bidez ere emango dute hitzaldia eta dastaketa Urolagustarri.eus webgunean. Herritarrek aurrez izena eman beharko dute bai Azoka Plazara joateko, bai saioa zuzenean streaming bidez jarraitzeko; horretarako honako formulario hau bete eta bost euro ordaindu beharko dute. Egitasmorako izena ematen dutenek egun horretan bertan joan beharko dute dastaketa egin ahal izateko banatuko duten ogi sortaren bila Azpeitiko Azoka Plazaren barruan kokatuta dagoen Elikagunea saltokira edo Zarauzko Lakari dendara.