Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak, zozkatuta

Atzoko zozketako irudi bat.

Atzo egin zuen 67 etxebizitzen zozketa Azpeitiko Udalak. Dagoeneko argitaratu dituzte babes ofizialeko eta udal sustapeneko etxebizitzen zozketaren behin-behineko emaitzak, eta etxebizitzak egokitu zaizkien herritarrek datozen egunetan jasoko dituzte jakinarazpenak. Etxebizitzen aukeraketa, berriz, ekainaren 29tik aurrera egin ahal izango dute horiek.

Atzo, osteguna, zozkatu zituen Azpeitiko Udalak Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko 67 etxebizitzak –39 babes ofizialeko eta 28 udal sustapeneko–, eta gaur argitaratu ditu erakundeak babes ofizialeko etxebizitzen eta udal sustapenekoen zozketaren behin-behineko emaitzak (udalaren webgunean ikus daitezke zerrendak). Babes ofizialeko etxebizitza egokitu zaien herritarrek gaurtik astelehenera bitartean jasoko dute jakinarazpena etxean, eta udal sustapenekoa egokitu zaienek, berriz, datorren astean.

Etxebizitzak aukeratzeko datak ere zehaztu ditu dagoeneko udalak. Hain zuzen ere, ekainaren 29an eta uztailaren 2an egingo dute babes ofizialeko etxebizitzak aukeratzeko prozesua, eta uztailaren 6an eta 9an udal sustapenekoena. Egun horiek pasatuta, etxebizitzaren bat esleitu gabe geldituko balitz, itxaron zerrendan diren herritarrei jakinaraziko diete: babes ofizialeko etxebizitzen itxaron zerrendako kideek uztailaren 6an eta 9an egingo dute aukeraketa; udal sustapeneko etxebizitzen itxaron zerrendakoek, berriz, uztailaren 16an, 23an eta 29an.

Etxebizitza guztiak esleitu ostean hasiko du udalak Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzen bigarren faseko obren prozesua. Lehiaketa publikoa jarriko du martxan, eta erakundeak azaldu duenez, lanak datorren urtearen hasierarako abian izatea aurreikusten du.

Atzoko zozketara hainbat herritar joan zen. Koronabirusaren hedapena saihesteko protokoloa tarteko, herritarrek aurrez eman behar zuten Soreasu antzokira joateko izena. Udalak, gainera, streaming bidez ere eskaini zuen zozketa. Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza zozketa hasi aurretik, eta hark herritarren etxebizitza beharrari erantzuten segitzeko konpromisoa agertu zuen. "Konpromisoaz gain, esfortzua egingo dugu azpeitiarren etxebizitza beharrari erantzuteko, hau da, adinekoentzako zein gazteentzako etxebizitzak eskaintzeko". Alkateak adierazi zuenez, babestutako etxebizitzen eskaintza "iraunkorra" egitea dute helburu, eta bide horretan Esklabetan alokairu sozialeko 48 etxebizitza ere egingo dituztela gogorarazi zuen.

Lehen fasea, martxan

Otsailean hasi ziren Esklabak-Iturtzulo eremuan lehen faseko etxebizitzak eraikitzeko lanekin. Lehen fasean 62 etxebizitza eraikiko dituzte: 29 babes ofizialekoak eta 33 tasatuak. Azpeitiko Udalak orduan jakinarazi zuenez, 2021eko udazkenerako aurreikusten zuen etxebizitzak eraikita izatea. Altuna y Uria enpresa ari da lehen faseko lanak egiten, lehiaketa publikoa irabazita.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide