Koronabirusa Azpeitian

Zer egin daiteke 'normaltasun berrian'?

Gaur gelditu da alarma egoera bertan behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori dela eta, aldaketak dira, besteak beste, baimendutako jardueren zerrendetan. Batez ere, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea eta espazio itxien edukiera %60ra mugatzea dira gaurtik aurrera hartu beharreko neurri garrantzitsuenak.

Neurriak ez dira gehiegi aldatu deseskalatzearen hirugarren fasearen eta gaur abiatu den normaltasun berriaren artean, baina hala ere, badira baimendu dituzten eta malgutu dituzten hainbat jarduera. Koronabirusa saihesteko, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da aurrerantzean, eta hori bermatu ezin den kasuetan, maskarak erabili beharko dira.

Orain arte bezala, maskarak nahitaez erabili beharko dira garraio publikoan. Higiene neurriak bermatzeko ardura norbanakoarena izango da halako egoeretan, baina zentroetan, instalazioetan, erabilera publikoko espazioetan eta erakundeetan, garbiketa eta desinfekzio neurri egokiak hartzen direla bermatu beharko du jarduera ekonomikoaren titularrak edo zuzendaritzak. Testuinguru horretan, esku-diruz ez ordaintzea lehenetsiko dute.

Edukierari dagokionez, establezimenduetan eta instalazioetan baimendutako edukiera estandarra %60koa izango da –langileak barne–, eta pertsonen arteko distantzia errespetatzen dela ziurtatu beharko dute arduradunek. Bestetik, lokalak bi ate edo gehiago baditu, sartzeko eta irteteko erabilera desberdina ezartzea lehenetsi beharko dute.

Salbuespenak eta aldaketak hainbat kasutan

Neurriak malgutu diren arren, osasun adituek maskarak erabiltzen jarraitzea eta eskuak sarritan garbitzea gomendatu dute.

Dendak, merkatuak eta merkataritza zentroak

Edukieraren %100a baimenduko da dendetan, baita merkataritza zentroetan ere, betiere 1,5 metroko distantzia bermatzen bada. Halere, merkataritza zentroek espazio komunak eta jolas guneak badituzte, edukieraren %60 errespetatuko da horietan.

Bestalde, bide publikoan egiten diren azoken edo merkatuen kasuan, ezin izango dute ohiko edo baimendutako postuen % 60 gainditu, eta bezeroen joan-etorria mugatu egingo da, pertsonen arteko segurtasun distantziari eutsiko zaiola ziurtatzeko. Gainera, lehentasuna emango zaie 65 urtetik gorako herritarrei.

Formakuntza zentroak eta liburutegiak

Akademietan, autoeskoletan, euskaltegietan edota arautu gabeko prestakuntza zentroetan aurrez aurreko saioak egiteko 1,5 metroko distantzia errespetatu beharko da, baina gehienez 25 lagun egon ahalko dira gelan. Bestetik, ibilgailuak erabiliz gero, maskara nahitaezkoa izango da beti, erabiltzaile guztientzako.

Liburutegien kasuan, edukiera ezingo da %60 baino handiagoa izan. Ikasteaz edo irakurtzeaz gain, baimenduta dago baliabide teknologikoak erabiltzea, baita online katalogoak, liburutegiko fitxetako katalogoak eta argitalpen elektronikoak kontsultatzea ere.

Kontzertuak, erakusketak eta gainerako kultur eskaintzak

Museoetan, erakusketa aretoetan, antzokietan, zinemetan, zirkuetan, kontzertuetan eta bestelako kultura jardueretan, edukiera %60koa izango da gehienez, eta segurtasun distantziak errespetatu beharko dira –eta ezin denean, maskara erabili beharko da–.

Bestetik, aire zabalean egingo diren jardueretan ere %60ko edukiera errespetatu beharko da, eta gehienez 1.000 lagun elkartu daitezke, 1,5 metroko distantzia bermatuz gero. Horri lotuta, baimenduta daude, erromeriak, musika- edo dantza-erakustaldiak eta ikuskizun ibiltariak egitea. Kasu horietan, aldez aurretik espazioa edo ibilbidea mugatuko da, gainerako neurri estandarrak betetzeko.

Elkarte gastronomikoak edo txokoak

Ez da edukierari edo jarduerari lotutako mugarik egongo, baina segurtasun distantzia bermatu beharko da mahaikideen artean eta mahaien artean.

Hotelak, ostatuak eta landa etxeak

Turismo ostatuetako eremu komunetan 1,5 metroko distantziari eutsi beharko zaio, eta animazio jarduerak edo talde jarduerak gehienez 25 lagunentzako egin ahalko dira.

Diskotekak eta gaueko aisialdia

Establezimenduek ezingo dute beren edukieraren %60 gainditu, eta dantzarako pistak ez dira erabilgarri egongo.

Hondartzak, igerilekuak eta bainurako lekuak

Edukiera eta distantzia neurriak errespetatu beharko dira, baita uretan ere. Eta hondartzen kasuan, bertan egoteko denbora neurtuko da, "edukiera kontrolatzea errazteko".

Parkeak eta kirol-guneak

Udalek izango dute haur parkeak, kirol eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak kudeatzeko eta arautzeko ardura. Orokorrean, erabiltzeko baimena dago, baina pertsona bakarra egon ahal izango da lau metro karratuko.

Kirola taldeka eta instalazioetan

Kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean –federatuta egon edo ez–, kontaktu fisikorik gabe eta gehienez 30 pertsonako taldeetan. Instalazioei dagokienez, edukierari eta distantziari lotutako neurri orokorrak errespetatu beharko dira, eta aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera ere egongo da.

Beilatokiak, ehorzketak eta gurtza lekuak

Beilatokietan gehienez 65 pertsona egon ahalko dira aire zabaleko espazioetan eta 30 espazio itxietan, eta errausketarako, ehorzketarako edo agurrerako jarraigoan 75 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Gurtza tokietan ezingo da edukieraren %75 gainditu.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide