Sanjuanetan etxeak apaintzeko zapia atera dute Urrestillan

Uztarria.eus 2020ko eka. 19a, 11:09

Koronabirusaren aurreko 'normaltasun zaharrean', festa usaina nagusi izango zen gaurko egunez jada Urrestillan, baina aurten ez da horrelakorik. San Juan festarik gabe geldituko dira urrestildarrak, baina ez dituzte sanjuanak ahaztu. Horregatik, festa batzordeak argazkikoa bezalako zapiak atera ditu, eta datozen egunetan etxeetako leihoak eta balkoiak horrelakoekin apaintzeko deia egin diete herritarrei, sanjuanak guztiz ospatu gabe gelditu ez daitezen. Aloña Garmendiak diseinatu du zapiaren irudia, eta 5 eurotan jarri dute salgai Lurdesen dendan.

Marrazki bat ere prestatu du Garmendiak, umeentzat. Horren kopiak ere dendan jaso daitezke. Haurrei marrazkia bakoitzak nahi duen bezala margotzeko, eta, bukatutakoan, margotutako marrazkiari argazki bat ateratzea eta urrestillakofb@gmail.com helbidera edo batzordekideren baten telefonora bidaltzeko eskatu du Urrestillako Festa Batzordeak. Jasotako argazki guztiekin bideo bat osatzea da festa batzordekoen asmoa.