Uztarrian zuzenean ikusi ahal izango da gaur egingo duten babestutako etxebizitzen zozketa

Uztarria.eus 2020ko eka. 18a, 17:33

Azpeitiko Udalak gaur arratsaldean zozkatuko ditu Eskalabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko 67 etxebizitzak. Osasun larrialdia dela eta, sarrera mugatua izango da Soreasu antzokian, baina webgune honetan zuzenean ikusi ahal izango da zozketa, 19:00etatik aurrera.

Gaur arratsaldean egingo du Azpeitiko Udalak Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzen bigarren faseko zozketa. Hain zuzen ere, 19:00etan hasita, 67 etxebizitza zozkatuko ditu erakundeak Soreasu antzokian: 39 babes ofizialekoak eta 28 udal sustapenekoak. Guztira, 254 lagun daude zozketarako izena emanda.

Egoerak hala behartuta, ezohikoa izango da gaurko zozketa. Izan ere, osasun larrialdiak eraginda hartu beharreko segurtasun neurriak tarteko, antzokirako sarrera mugatua izango da. Aurrez izena emanda dauden herritarrak soilik joan ahal izango dira antzokira, baina gainerakoek ere izango dute zozketa jarraitzeko aukera: udalak streaming bidez zuzenean emango du zozketa Azpeitia.eus atarian, eta webgune honetan ere ikusi ahal izango da, 19:00etatik aurrrera.