Koronabirusa Azpeitian

Astelehenean irekiko dituzte herriko haur eskolak

Uztaro haur eskolako parkea. (Uztaro)

Urrestillako haur eskola eta Uztaro ez ezik, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko haur eskola eta Iraurgi Ikastetxekoa ere astelehenean zabalduko dituzte. Geletan haurren zein langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute lau zentroek.

Eusko Jaurlaritzak haur eskolak irekitzeko baimena eman du, eta Haurreskolak partzuergoko zentroek ez ezik, beste hainbat zentro pribatuk ere ateak irekitzea erabaki du. Azpetian lau haur eskola daude guztira: Uztaro haur eskola, Urrestillako haur eskola, Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoa eta Iraurgi Ikastetxekoa. Zentro horiek datorren astelehenean, hilak 22, zabalduko dituzte ateak.

Lau zentro horietan langileen eta haurren osasuna zein segurtasuna bermatzeko hainbat neurri ezarriko dituzte. Uztaron eta Urrestilan, esaterako, partzuergoak berak zehaztutako protokoloan jasotako neurriak beteko dituzte, betiere haurreskolako egoerara egokituta. Bi zentro horietako arduradunek azaldu dutenez, kanpoko espazioak "ahalik eta gehien" erabiltzen saiatuko dira, eta Urrestilako kasuan, haurrei harrera ere kanpoan egingo diete.

Hamar haurretatik lau hasiko dira astelenenean Urrestillako haur eskolan, eta arduradunek adierazi dutenez, umeei eskuak sarri garbitzeaz gain, hezitzaileek eskuak garbi mantendu eta maskarak erabiliko dituzte. Uztaron, berriz, hamabi ume hasiko dira astelehenean, eta zortzi hezitzaile egongo dira lanean guztira. Zentro horretan ere, FFP2 maskarak eta bestelakoak erabiliko dituzte langileek, eta gelak eta materiala desinfektatu egingo dituzte. Horrez gain, tenperatura hartuko diete haurrei, eta haurren gurasoek haurra ez dela koronabirusa duen edo izan duen inorekin harremanetan egon zehazten duen agiri bat eraman beharko dute haurreskolara.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ere, hainbat haur joango da astelehenean haur eskolara, eta hidrogelak eta maskarak erabiliko dituzte geletan. Horrez gain, haurren eta hezitzaileen oinetakoak desinfektatuko dituzte gelara sartu aurretik, eta hezitzaileek egunero garbitu beharko dituzte beren mantalak. Tenperatura ere hartuko diete haurrei zein hezitzaileei. Ikasberriko arduradunek adierazi duteez, haur eskolarako kontingentzia plan berezi bat eratu dute egoerari ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide