Koronabirusa Azpeitian

Udal kirol instalazioak, berriro martxan

Ezohiko neurriekin eta erabiltzaile kopuru mugatuarekin ezinbestean, ikusmina eta kezkak uztartuta, baina gaur ireki dituzte udal kirol instalazioak Azpeitian. Hasiera lasaia izan da. Besteak beste, instalazio horiek erabili nahi dituzten herritarrek derrigorrez eskatu behar dute horretarako txanda, gehienez astean bi egunetarako. Igerileku estalia, gimnasioak eta kiroldegiko zenbait gune dira gaurtik berriro martxan direnak, COVID-19 gaitzak ekarritako konfinamenduaren arintze prozesuaren barruan eta gaitzaren hedapena saihesteko hainbat neurri kontuan hartuta.

Neurri horiek eta Eusko Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak helarazitako protokoloak betetzeko izaten ari diren zailtasunetaz hitz egin du, besteak beste, Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburuak Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) egindako bideo honetan; Azkoitian ere gaur ireki dituzte udal kirol instalazioak, eta bi herrietako arduradunek eta erabiltzaileek lehen egunaren balorazioa egin dute. Kanpoko igerilekua ez dute irekiko momentuz Azpeitian, eta erabiltzaileen artean eztabaida eragin duen neurri hori hartzearen arrazoiak ere azaldu ditu Arrutik; egoeraren bilakaeraren arabera, igerileku hori aurrerago irekitzea ez du guztiz baztertu udalak, Arrutiren esanetan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide