Koronabirusa Azpeitian

Bihar bukatuko da konfinamendu aurretik egindako maileguak liburutegira itzultzeko epea

Uztarria.eus 2020ko eka. 14a, 18:00

Erabiltzaileek liburutegiaren kanpoaldean dagoen buzoian utz ditzakete maileguan hartuta dituzten liburuak eta filmak.

Konfinamendua hasi aurretik maileguan hartutako liburuak, filmak, aldizkariak zein bestelako dokumentuak itzultzeko epea bihar, astelehena, bukatuko dela gogorarazi dute udal liburutegiko arduradunek. Erabiltzaileek Enparan Dorretxeko atarian, liburutegiko sarreraren kanpoaldean, dagoen buzoian utz ditzakete horiek. Ondoren, berriz maileguan eman aurretik, berrogeialdian izaten dituzte.

Udal liburutegia hasia da ohiko martxa berreskuratzen. Aste batzuez zerbitzua itxita egon ostean, apirileko azken astean itzuli ziren lanera liburuzainak, maileguak etxeraino eramateko zerbitzua martxan jartzeko; ekainaren 1ean, liburutegiko ateak ireki zituzten, baina aurrez aurreko mailegu zerbitzua emateko soilik; eta ekainaren 10an, bigarren solairuko hiru ikasgelak zabaldu zituzten.