Udaberria egunero

Uztarria.eus 2020ko eka. 29a, 19:06

Altuna ahizpek urteak daramatzate lore dendan lanean. Denetariko apaingarriak egiten dituzte han. Gutxik ezagutzen dute ikusten ez den lana, eta horren zertzelada batzuk jaso ditu Maialen Etxaniz kazetariak Klik! argazki erreportajerako, 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian.

Dendaren atzealdean

Lore dendara sartutakoan, denetarik ikus daiteke: etxea apaintzeko koadroak, balkoietan zintzilikatzeko loreak, fruta arbola txikiak, etxe barrurako landareak... Koloreak eta loreak izaten dira protagonista. Baina bada ikusten ez den leku bat: lore dendako tailerra.

 

 

Loreak aukeratu eta apaindu

Askotariko lore sortak egiten dituzten arren, gehienak lore naturalekin egiten dituzte Altuna ahizpek. Aurrena, loreak aukeratzen dituzte, eta sortei forma emateko eta horiek tinko geratzeko hainbat teknika erabiltzen dute. Behin itxura emanda, loreen sustraiak txukuntzen dituzte. Azken pausoa, berriz, lore sorta apaintzea da. Horretarako denetariko materialak erabiltzen dituzte: paperezko zintak, koloretako paperak, apaindutako plastikoak...

 

Lorontzietan jartzeko

Naturalak ez diren loreekin egindako apaingarriek antzeko prozesua eskatzen dute. Loreak aukeratzen dituzte aurrena, baina baita horiek jartzeko lorontzia ere. Gainerakoan, berdina da prozesua. Loreak aukeratu, forma eman eta apaindu.

 

Bururako apaingarriak

Etxea, balkoia edo lorategia apaintzeko ez ezik, bururako apaingarri gisa ere erabil daitezke loreak. Altuna ahizpek eskuz egiten dituzte bururako apaingarriak, askotariko materialak erabiliz. Horiek jaunartzeetarako edo ezkontzerako eskatzen dituzte herritarrek gehienbat.

 

Larrosak garbitu

Bezeroek sarritan eskatzen dizkiete larrosa zuriz eta gorriz egindako lore sortak, eta horrek ere badu bere lana. Leku jakin batean izaten dituzte gordeta larrosak, eskatzen duten tenperatura egokian. Larrosak garbitzea ezinbestekoa izaten da, eta hori egin ostean ematen diote forma lore sortari.

 

Hiletetarako loreak

Azpeitiko ehorztetxeak eta Irene Altuna lore dendak harreman zuzena dute. Hori dela eta, asko dira handik jasotzen dituzten eskaerak. Besteak beste, lorez egindako koroak edo lore sortak egiten dituzte hiletetarako. Paperezko zinta bereziarekin atontzen dituzte koroak nahiz sortak, eta horietan mezuak jartzeko aukera izaten dute bezeroek. Gailu berezi bat erabiltzen dute zintan mezua idazteko.