Joxean Agirre: "Batzuetan izaten dut nobelatik atera ezinik geratzeko beldurra"

Uztarria.eus 2020ko eka. 26a, 11:33
Joxean Agirre, artxiboko irudi batean. (Ilargi Agirre)

Egin eta Gara egunkarietan, Bertsolari aldizkarian zein liburuak idazten garatu zuen lan ibilbidea. Nobela errealista bat lana kaleratu berri du, eta Elena Marguello kazetariak elkarrizketatu du 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian.

Lehenengo Soziologia ikasketak egin bazituen ere, Egin egunkarian lanean hasi eta gero egin zituen Kazetaritza ikasketak Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949). Orain, jubilatuta egon arren, nobelak idazten jarraitzen du. Kazetari eta idazle ibilbideaz patxadaz hitz egin du azpeitiarrak.

Soziologian eta Kazetaritzan lizentziatu zinen. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

1969an joan nintzen Parisera Soziologia ikasketak egitera, eta artean 1968ko maiatzaren oihartzunak oso bizirik zeuden. Garai hartan, euskal kolonia sendo bat zegoen Parisen; ikasleak eta errefuxiatuak, denak nahasian. Urte oso interesgarriak izan ziren. Ni ez naiz oso nostalgikoa, baina garai hartako lagunekin biltzen naizenean jorratzen dugun gai kuttunetako bat orduko gorabeherena izaten da. Paristik bueltan, soldaduska egin eta pare bat urte eman nituen Eibarko ikastolan lanean. Han gizarte arloko eskolak ematen nituenez, Historia ikasten hasi nintzen Deustuko Unibertsitatean. lanean hasi eta gero egin nituen Kazetaritza ikasketak. Kazetaritzaren praktika teoria baino lehenago ikasi nuen nik.

Nolakoak izan ziren kazetaritzako hastapenak?

Sekulako indarrarekin sortu ziren Egin eta Deia egunkariak 1977an, eta prentsa idatziaren merkatua jateko zorian egon ziren. Gipuzkoan, esate baterako, El Diario Vasco desagertzeko zorian ibili zela esango nuke. Pentsa nola aldatu diren gauzak. Eginen kasua berezia izan zen, milaka lagunen partaidetza ekonomikoari esker kaleratu zelako. Erredakzio oso erdalduna zuen egunkari hark, eta euskarazko talde bat antolatu zuten egoera orekatzeko. Agentzietako berriak itzultzen aritzen ginen hasieran. Gero, Herrietako Berriak sailera pasatu ninduten, eta aldi batez, Donostiako Udaleko kronikak egiten ibili nintzen, Kultura sailean jarri ninduten arte. Urte onak bizitzea egokitu zitzaidan irudipena daukat. Kolpetik Ez Dok Amairu osoa, Oteiza, Txillida, Zumeta, Basterretxea eta maila horretako artistak oso gertutik ezagutzeko aukera izan nuen, eta bertsolaritzaren berrikuntza prozesu osoa lehen lerrotik jarraitu nuen. Ordurako, Espainiako egunkari batzuetan, El Paisen bereziki, indarrean zegoen kazetaritza berria deitzen zitzaiona. AEBetatik zetorren korrontea zen hura, eta igandeetako gehigarrietarako erreportajeak eta elkarrizketak egiterakoan, haiei kopiatzen saiatzen ginen. Labur eta gaizki esanda, kazetaritza berria deiturikoa kazetaritza egiteko modu literarioagoa zen, eta gauzatzen genituen lanak denbora eskaini beharrekoak izaten ziren. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten genuen lan.

1998an, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Egin egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak. Nola gogoratzen duzu gertatu zena?

Eszena bat dut gogoan: Hernaniko Eziago poligonoan zegon Eginen egoitza, eta haren atarian autoak aparkatzeko zabalgune handi bat zegoen; han egon ginen bilduta goiz partean. Arratsalderako, langile talde bat Euskadi Informacion izeneko egunkari txiki bat ateratzeko lanean hasi ginen Hernaniko lokal batean. Egunkariko arduradunak espetxera eraman zituzten. Nik lan aldetik ez nuen etenik izan, eta Gara sortu zutenean, hara pasatu nintzen, baina lankide asko bidean geratu ziren.

Gara sortu zenetik hainbat urtez aritu zinen bertan lanean. Zer eman dizu?

Kazetaritzak asko ematen du, oro har. Oso desberdina da errealitatea urrunetik edo bertatik bertara jarraitzea. Eduardo Txillidarekin, Ramon Saizarbitoriarekin, Xabier Leterekin, Xabier Amurizarekin, Joxe Agirrerekin, Andoni Egañarekin edo Fermin Muguruzarekin pare bat ordu pasatu eta erredakziora nindoala, askotan esaten nion neure buruari sekulako suertea nuela; izan ere, lanak miresten nituen pertsonekin egoteko aukera ematen zidan. Kazetari ofizioak baditu alde makurrak ere; makurrena presa da. Ilunabarreko zenbat ekitaldi jarraitu ote ditut azkar idazten nuelako...

1991. urtean Bertsolari aldizkaria sortu zenuen, eta zuzendu ere bai.

1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusiari gehigarri potolo bat eskaini genion. 1982ko txapelketaren inguruan hasi nintzen bertsolaritzaren jarraipena egiten. Bertsolaritzari buruzko aldizkari tematiko batek funtzionatu egin behar zuela sartu zitzaidan buruan. Hasieran, aldizkari tematikoen arintasuna zuen –batzuk prentsa arrosa egiten genuela esatera iritsi baziren ere–, eta denborarekin, beharbada, espezializatuagoa bihurtu da. Aldizkariak oso harrera ona izan zuen. Durangoko Azokara joan ginen lehen zenbakiarekin, eta herritar pila bat egin ziren harpide. Urte horretan bertan Argia saria eman ziguten.

Idaztea afizio nahiz ofizio izan duzu. Zer nahiago, kazetaritza ala literatura?

Nik oso ondo bereizi izan ditut kazetaritza eta literatura. Errealitatearen berri ematea da baten egitekoa, eta bigarrenarena, bizitzaren misterioa edo konplexutasuna adieraztea, zerbait esatearren. Inoiz kontatu izan dut bi ordenagailu erabili nituela urteetan, batean literatura idazten nuen, eta bestean kazetaritzarekin zerikusia zuten gauzak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hamarnaka liburu idatzi dituzu. Zer da zuretzat liburu bat idaztea?

Hori niretzat literatura zer den galdetzea bezala da, eta horixe da erantzutea gehien gustatzen zaidan galdera, baina ez genuke bukatuko. Dozena bat definizio erabili izan ditut literatura zer den esplikatzeko; batzuk dotoreagoak dira. Eskasena azken boladan gehien sentitzen dudana da: neure buruarekin jolas egiteko erabiltzen dudan gordelekua da liburu bat idaztea.

Idatzi dituzun liburuetatik zein duzu kuttunena?

Berandu samar hasi nintzen idazte kontuekin. 1996an atera zen Elgeta, eta 2013an Romain zen bere izena. Urte horietan neure ahotsa edo estiloa aurkitu nuela uste dut. Aurrekoak gustura erreko nituzke. Ondoren idatzitako liburu denek dute gustatzen zaidan zerbait.

COVID-19aren eraginez ezarritako konfinamenduan ohi baino gehiago sortu al duzu?

Bai, gehiegi. Eta ez da ona, ez da batere sanoa. Niri hiruzpalau ordu lanean jardun eta etenak egitea gustatzen zait. Pixka bat saturatuta ibili naiz etxean pasatu dugun hilabete eta erdi honetan.

Duela bi hilabete kaleratu zenuen Nobela errealista bat. Zer jaso duzu liburuan?

Bi gai nagusi ditu: gure memoria hurbilari buruzko ariketak proposatzen ditu batetik, narratzailea den Loiuko aireportuko taxilari batek frankismoaren azken bi hamarkadetako gertakariak eta pasadizoak kontatzen dizkielako entzuteko prest harrapatzen dituen bezero guztiei; eta literaturak gizartean duen oihartzun urriaz gogoeta batzuk egiteko aukera ematen du, bestetik. Idazle bat nobela errealista idazteko asmotan dabil, eta Mikel Lejarza El Loboren kontuarekin nahasi eta inteligentzia zerbitzukoek hil egiten dute nahita edo nahi gabe. Erasotzaileak atxilotzeko adina froga bildu eta nobela batean argitaratzen badituzte ere, ez da ezer gertatzen.

Bibliografiak irakurri eta horietaz baliatu zara, hein batean, istorioa idazteko. Zer eman dizute bibliografia horiek?

Garai hartako ekintzaileen biografiak irakurtzea izan da egin dudan dokumentazio ia lan bakarra. Bakoitzetik gertakari eta pasadizoren bat hartu dut, kasu batzuetan bat baino gehiago, baina nobelak ez du dokumentazio lan gehiagorik.

Zenbat denbora behar izan duzu liburua osatzeko?

Pare bat urte edo hiru.

Zergatik aukeratu duzu eleberri generoa azken lanerako?

Ez dakit zergatik, baina horixe da gehien gustatzen zaidana. Beharbada, etxe bat egiteko bezalaxe, egitura bat jasotzea eskatzen duelako, eta gero egitura horren barruan sartu eta denbora-pasa bazterrak txukuntzea. Juan Jose Millasek kontatzen du bere herrian bazela oilategia egiten jardun, oiloak ateratzeko zuloa utzi, baina pertsonentzako aterik egin ez zuenez, barruan gelditu zen igeltsero ibiltzen zen atzeratu bat. Batzuetan badut beldur hori, ez ote naizen nobela barruan sartu eta atera ezinik geldituko.