Koronabirusa Azpeitian

Ostiralean bukatuko da zaintza lanetan aritu nahi dutenen lanpoltsan izena emateko epea

Uztarria.eus 2020ko eka. 10a, 18:39

0 eta 14 urte bitarteko umeen eta nerabeen zain menpekotasunen bat duten herritarren zaintzarako kontratazioak diruz lagunduko ditu Azpeitiko Udalak, eta lan horretan aritu nahi duten herritarrekin poltsa osatuko du. Lanpoltsan izena eman nahi dutenek ostiraleko 12:00ak arterako epea izango dute curriculumak aurkezteko.

Etzi, ostirala, bukatuko da zaintza lanetan aritu nahi duten herritarren lanpoltsan izena emateko epea. Hain zuzen ere, 0 eta 14 urte bitarteko umeen eta nerabeen zain menpekotasunen bat duten herritarren zaintzarako kontratazioak diruz lagunduko ditu Azpeitiko Udalak, eta lan horretan aritu nahi duten herritarrekin poltsa osatuko du, zaintzaileen eta familien arteko harremanak errazteko asmoz.

Lanpoltsan izena eman nahi dutenek ostiraleko 12:00ak arterako epea izango dute curriculumak gib@azpeitia.eus helbidera bidaltzeko edo Gazte Informazio Bulegora ( 10:00etatik 12:00etara) eramateko aukera. Lanpoltsan sartzeko ezinbestekoa izango da 16 urte izatea eta euskaraz jakitea; gainera, Azpeitian erroldatutako pertsonek izango dute lehentasuna. Ostiraletik aurrera ere sartu ahalko dute herritarrek lanpoltsan, baina horiek zerrendan aurretik izango dituzte epe barruan izena emandako pertsonak.

Lanpoltsa osatuta, ekainaren 15etik aurrera izango dute familiek Gazte Informazio Bulegoarekin harremanetan jartzeko aukera, eta zerbitzu horren bidez bideratuko dituzte kontratazioak. Zalantzak dituzten herritarrek Gazte Informazio Bulegora jo, gib@azpeitia.eus e-postara mezua idatz edo 943-15 71 60 telefono zenbakira dei dezakete.