Uztailaren 18an edo 25ean izango da Peñagarikanoren eta Aizperroren arteko erronka

Uztarria.eus 2020ko eka. 11a, 10:45
Peñagarikanoren eta Aizperroren apustuaren negoziazioko irudi bat.

Uztailean izango da apustua, Azpeitiko zezen plazan, eta bi data dituzte mahaiaren gainean. Ikusteko dago noiz izango den zita, baina herritarrek saioaz gozatzera joateko aukera izango dutela zehaztu dute antolatzaileek.

Uztailaren 18a edo 25a. Bi data horietako batean jokatuko dute Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak joan zen urtearen bukaeratik hitzartuta duten apustua. Azpeitiko zezen plazan gauzatu nahi dute erronka bi kirolariek. Uztailean izango da apustua, Azpeitiko zezen plazan, eta bi data dituzte mahaiaren gainean.

Ikusteko dago noiz izango den zita, baina herritarrek saioaz gozatzera joateko aukera izango dutela zehaztu dute antolatzaileek. Horri lotuta, segurtasun neurriak hartuko dituztela eta pertsona kopurua mugatu egingo dutela aurreratu dute. Dena den, ez dute apustuaren gaineko xehetasun gehiago jakinarazi, baina udalari eskerrak eman dizkiote erronka beste herri kirol eskaintza batzuen aurretik jarri duelako "laguntza emanez eta pazientzia erakutsiz".

Apustua hitzartu zutenetik zehaztuta dituzte apustuan egin beharreko lanak: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika. Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Peñagarikanok eta Aizperrok Azpeitiko Mendizabal tabernan; martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua. Dena den, otsailaren 27an erronkaren data atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako, eta martxoaren bukaerarako jarri zuten data berria. Ondoren koronabirusaren krisialdia iritsi zen herrira, eta ezin izan dute oraingoz apustua jokatu.